Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen Bizkaiko Museoetako Arte Eszenikoen Jaialdiaren barruan, La Encartada fabrika-museoak Serenity Suite dantza ikuskizuna hartuko du otsailaren 25ean, 19:00etan. Pieza Matxalen Bilbao eta Natalia Garciaren eskutik ikusi ahalko da.
Bertaratuko den publikoak duo eder batez gozatzeko aukera izango du. Serenity Suite “heldutasun artistiko handiko pieza da, bai bere idazkera koreografikoari dagokionez, bai interpretazioari dagokionez. Denboraren iragaitearen gaiak pieza osoa zeharkatzen du, modu sotilean, grabitaterik gabe, nostalgiarik gabe”.
Matxalen Bilbaok eta Natalia Garcíak dantzaren gaineko ikuspegia modu pertsonalean partekatzen dute, “asmorik gabe eta begirada ludiko batetik abiatuta espazio komun bat hartzen dute, non transmisioa denboraren joanaz hitz egiteko abiapuntu gisa agertzen den. Dantza eskuzabala, abegikorra eta oso soila aldi berean, funtsezkoenera doana eta zalapartarik gabe zabaltzen dena.”
Ikuskizunera joateko aldez aurretik erreserba egin behar da La Encartada fabrika-museora, 946 800 778 zenbakira, deituta.
MusEkintzari buruzko informazio guztia www.bizkaikoa.bizkaia.eus helbidean kontsultatu daiteke.