Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Murruak behera bota, dantzaz

Dokumentuaren akzioak

Murruak behera bota, dantzaz

'Hormek Diote On Stage' dantza ikuskizuna estreinatuko du Haatik konpainiak bihar, Lasarte-Orian. Kaleko bost murali lotutako beste hainbeste dantza pieza biltzen ditu obrak
Egilea
Ainhoa Sarasola
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2017/03/23
Lotura
Berria
gertokiaren erdian v formako horma handi bat dago. Porlanezkoa dirudi, eta irudi bat ageri da haren azaleran proiektatua: Kapital hitza irakur daiteke, espraiz margotuta. Donostian, ibaiaren ertzeko eraikin batean Igor Rezola Dizebi artistak 2015ean eginiko lana da, eta eraikina eta obra bera oholtzan irudikatu dituzte orain, Hormek Diote On Stage ikuskizunerako. Joan den udan, eraikin hartan, kalean dantzatu zuten pieza Haatik dantza konpainiako kideek, eta, orain, agertokian interpretatuko dute pieza hura, beste laurekin batera osatu duten ikuskizunean. Bihar estreinatuko dute, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Manuel Lekuona kultur etxean.

Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren harira jaiotako Hormek diote proiektuan du abiapuntua ikuskizunak. 2015ean, bost artistak beste horrenbeste horma irudi ondu zituzten Donostia eta inguruetako bost espaziotan, elkarbizitzaren inguruan gogoeta eginarazteko. Murruak, artelan bihurtuta, inkomunikatzeko eta banatzeko egitura izan beharrean, komunikazio elementu bilakatzea zuen helburu egitasmoak. Hala, Dizebik Urumea ertzeko pasealekuko eraikin hartan egin bezala, nork bere lanak margotu zituzten beste lau artistak: Judas Arrietak Pasaiako Ziriza Etxean; Ismael Iglesiasek Intxaurrondoko Zubiaurre pasealekuan; Arantxa Recio Harsa-k, Jenni Karnaren laguntzaz, Altzako Roman Irigoien parkean; eta Hormachic kolektiboak Errenteriako Alaberga auzoan —BYG kolektiboak seigarren bat margotu zuen geroago, Egia auzoan—. Koldo Almandoz zinemagilea izan zen proiektuaren koordinatzailea, eta hormetako lanez harago eraman nahi izan zuen, ikus-entzunezko lanak eta bestelako diziplinatako sorkuntzak ere hara bilduz. Eta hor sartu zen eszenan Haatik, konpainiako zuzendari Aiert Beobidek azaldu duenez: «Bost sorkuntza eramateko proposatu ziguten, espazio bakoitzaren berezitasunak eta muralista bakoitzak haietan irudikatu nahi izan zuena hari gisa hartuta». Berehala heldu zioten erronkari.

Piezak sortzeko, proiektuaren hariari, mezuari, erreparatu zioten konpainiako kideek. Beobide: «Badakigu hormek ez dutela ezer esango, baina hor ditugu gatozenean eta joaten garenean, eta, nolabait, ikusten dute zer-nolako bizimodua dugun; gure gizartearen kritika egiten dute. Metafora hori erabiltzen dugu adierazteko guk zer pentsatzen dugun esango luketela horma horiek». 

Proiektuak berak artisten arteko elkarlana sustatzen zuela, eta bide horretatik jo zutela azaldu du Beobidek. «Nahiz eta desberdin egiten saiatu, gure ikuspuntua eta lengoaia antzekoa izango zen bost piezetan, eta beste bi koreografori eskatu genien beren ikuspuntuen eta lengoaien bidez parte hartzeko». Vitali Safronkinerekin eta Iker Arruerekin jarri ziren harremanetan, aurrez biekin lan egindakoa baitzen konpainia, eta elkarren oso ezberdinak direlako. «Estilo neoklasiko-garaikidean» aritzen da Safronkine dantzan nahiz koreografiak egiten. Arrue, berriz, «haikidoaren eta dantza garaikidearen arteko hizkuntza batean» mugitzen da, Beobideren iritziz. Bakoitzari bina koreografia egiteko proposatu zieten, eta konpainiak sortu zuen bosgarrena. «Denon artean erabaki genuen zein espazio zegokion hobeto bakoitzari, eta hainbat astez egon ginen lanean, haien lengoaiak ikasten». Konpainiarentzat, «erronka» izan zela dio zuzendariak, baina baita «opari bat» ere, aldi berean. «Bakoitzaren lan egiteko modua, hizkuntza, ikuskizunak sortzeko ikuspuntua... oso aberasgarria izan da guretzat».

Muralak egin zituzten artistekin eurekin ere hitz egin zuten, «batzuekin gehiago, besteekin gutxiago». Harrera ona egin zieten denek. «Bitxia da, haiek ere artistak izanik, nola interpretatu dituzten gure koreografiak; zu zoaz mundu batetik, eta haiek jasotzen dute beste leku batetik». Judas Arrietak, esaterako, orduko hartan sortu zuen obraren harira, beste artelan bat ondu du konpainiak orain baliatu dezan. Musika, berriz, Pascal Gaignek espresuki sortu zuen pieza bakoitzerako; harekin lan egitea aukera izugarria izan dela uste du Beobidek.

Kaletik agertokira

Joan den udan, espazio horietako bakoitzean erakutsi zuten zegokion pieza dantzariek. Orain, pieza horiei batasun bat eman, eta agertoki batera egokitzea izan da erronka. «Bost koreografiak hartu, eta espazio libre batera eramatea zen errazena, baina konturatu ginen horrek ez zuela zentzurik, ez zuela transmitituko zuen indarra, eta hormak behar genituela metaforek zentzua har zezaten». Taulan izango dira horma horiek, dantzariek alde batetik bestera mugituko dituzten egiturak, eta proiekzioekin lagunduta, espazio bakoitza irudikatuko dute.

Olatz Beobide antzerki zuzendariak hartu du zuzendaritza artistikoaren ardura. Agertokian, berriz, Beobiderekin batera, Ibai Jimenez, Iker Sanz, Jon Arsuaga, Irati Sorondo, Nerea Ezenarro, Anne Jauregi, Itziar Doyhartzabal, Iñigo Etxeberria eta Nagore Zabala dantzariak izango dira.
Haatik konpainiako hamar dantzariak Urnietako Sarobe aretoan izan dira hainbat astez <em>Hormek Diote On Stage</em> obra entseatzen.
Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak