Igandea, uztailaren 31, egun lasai izango da, eta piknikak eta jokoak egingo de Boiseko udal parkean. Arratsaldean, Txantxangorriak eta Amuma Says No taldeek itxiko dute festa, erromeria alai batekin.
Festa hau gogotik ospatzen duen beste euskal etxe Argentinako Corpus Cristi hirikoa da, Misiones probintzian. Euskal etxe honek ere hiru eguneko festa egitarau zabala prestatu du, eta ostiralean hasiko du, uztailaren 29an. Zinearekin hasiko da festa, hain zuzen ere "Amama" filmaren emanaldi batekin, Carlos Gabilondok aurkezten duen Euskal Zine Ziklo Ibiltariari esker. Ondoren "mateada" egingo da, ikusleak filmari buruz solasten diren bitartean, jarraian meza elizkizuna eta eguna amaitzeko, afaria euskal etxean.
Larunbatean 8. “Relatos Asombrosos” literatur lehiaketako sari banaketa ekitaldia egingo da eta arratsaldean, zinea berriz: Carlos Gabilondok oraingoan "La fuga de Segovia" filma aurkeztuko du. Ondoren, Cesar Arrondo historialariak “El Franquismo, el surgimiento de ETA y la actualidad de los presos políticos” hitzaldia emango du. Jarraian, meza elizkizuna, eta Loiolako Santutegiari buruzko power-point azalpena, eta eguna amaitzeko, afaria.
Igandean meza elizkizuna eskainiko du Posadaseko Gotzainak, eta jarraian bazkaria egingo da. Arratsaldean Cesar Arrondok "La diáspora vasca” hitzaldia emango du eta eguna eta ospakizunak amaitzeko, afaria egingo da.
Mexikon ere Euskal Etxeak ekitaldia antolatu du, kasu honetan, larunbatean, uztailaren 30ean, eta bazkaria egingo dute bertan Mexikoko euskaldunek.
Txlen, Santiagoko Euzko Etxea elkarteak igandean, uztailaren 31n, egingo du San Inazio eguneko bazkaria. Eguneko egitaraua mezarekin hasiko da, jarraian euskal dantza erakustaldia eskainiko dute Itxaropen Gaztea taldeko dantzariek eta Euskal Koruak kantaldia eskainiko du. Eguna bazkari herrikoi batekin amaituko da.
Festa ospatuko duen Txileko beste euskal etxea Valparaisoko elkartea da. Han ere iganedrako prestatu dute egitarau mardula. Hasteko, meza elizkizuna eskainiko du aita Jose Miguel Medina Arizmendiarrieta zornotzarrak. Ondoren, ongi etorri koktel bat zerbitzatuko da euskal etxean, eta jarraian Gernikako Arbolaren kimu bat landatuko da elkartearen patioan. Eguna amaitzeko, arratsaldeko hiruetan kantaldia eskainiko dute Nestor Aguirrek eta Mary Andonaeguik.
Argentinako Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat euskal etxean ere tradizio handiko festa da San Inazio, eta elkartea bera sortu aurretik ospatzen zen. Aurten igandean, uztailaren 31n ospatuko dute festa, egitarau honekin: euskal dantzal, Maral taldearen kontzertua, Iruki Alaiak taldearen emankizuna, txikien abesbatzaren emanaldia, Jonatan Moralesen kantu lantegiko taldearen kantaldia eta afaria.
Badira San Inazio festa urtero urtero ospatzen duten beste zenbait euskal etxea, esaterako Necochea (Argentina), Caracas (Venezuela), Madrid (Espainia), Jasone Etxea (Paraguai), Miami (AEB)... Zuren euskal etxean ere festa hau osatzen baduzu, esaiguzu, info@euskalkultura.com helbidera idatziz eta gure agendara gehituko dugu.