Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Munduko basamortuak

Dokumentuaren akzioak

Munduko basamortuak

Kritika, dantza: 'opus cactus'

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Egunero
Mota
Kritika
Data
2003/05/11

Izenburuak dioen moduan, basamortuaren inguruko obra dugu honako hau. Antza denez, jatorrizko enkargua Sonorako basamortuaz aritzeko izan zen, nahiz eta obra aurrera joan ahala konturatzen garen munduko basamortu guztiak aipatzen direla bertan.



Aurreko aukeretan bezala, jatorri iparramerikarraren ezaugarriak antzeman daitezke oraingoan ere Pendletonen taldearen estiloan, hala nola mugimenduen araztasuna, gorputzari eskainitako kultua eta norberaren emozioen ukazioa. Baina nik esango nuke era lausoagoan agertu direla esandako ezaugarriak oraingo produktuan, segur aski, dantzari gazteen kemena, grinak eta bizipenak emankor elkartu direlako koreografo nagusiaren sortze-indarrarekin.



Gauzak horrela, irudi ezabaezinak eskaintzen ditu Opus cactus-ek, eta zeregin horretan ezinbestekoak dira soinu-bandaren esangura, argien edertasuna eta jantzien diseinuaren ausardia. Oraingo honetan, baina, badirudi emozio apur bat gehiago dariela estetika hutsetik haratago, natura soilari eta herri indigenei eskainitako omenaldia den aldetik.



Alde horretatik, dantzaren gorentasunaren eredu iruditu zaizkit hiru gizonek makila luze banarekin eman diguten indar eta leuntasun erakustaldia, eta baita ere emakumeek Sonorako kaktusen itxura hartu duten pasartea, dantza ezin aratz eta ederragoa burutzeko.

Dokumentuaren akzioak