Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mundu oso bat, Portugaleten

Dokumentuaren akzioak

Mundu oso bat, Portugaleten

Nazioarteko Folklore Jaialdia Korea, Errumania eta Venezuelako taldeekin hasiko da bihar

Egilea
Irune Berro
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2005/07/21

Korea, Errumania eta Venezuelako dantzari eta musikarien taldeen emanaldiekin hasiko da, bihar. Koreatik Bong San maskarada taldea iritsiko da Portugaletera. Batik bat, antzinako errituak taularatuko ditu: deabruak uxatzeko dantzak, udako zein neguko solstizioak ospatzeko antzezpenak eta bestelako dantzak, xamanismoan eta budismoan oinarrituta denak ere. Ondoren, Errumania hegoaldeko Doina Timisului taldeak herrialde osoko dantzak erakutsiko ditu. Aurten lehendabizikoz Venezuelako talde batek parte hartuko du jaialdian. Cruz Alejandro Quinal konpainia izango da herri horren ordezkari, eta hango dantza tradizionalak emango ditu nagusiki. Kolonbiatik, Polinesiatik eta Sri Lankatik iritsiko dira jaialdiaren bigarren egunean ariko diren konpainiak. Santanderko (Kolonbia) Unibertsitateko musikari eta dantzari taldeak bere herriko folklorean oinarritutako pieza berriak eskainiko ditu. Polinesiako Futuna uharteko Malaefenua Faletolu taldeak, berriz, borroka dantzak egingo ditu, eta Sri Lankako Sama Rangak, sua ardatz duten erritoak.



Tuvako Errepublikako Sayanik, Hegoafrikako Vezikohono Siko Lethuk eta Portugaleteko Elai Alaik hartuko dute oholtza hirugarren egunean, hilaren 24an. Ez da hori izango, baina, Portugaleteko Folklore Jaialdiaren barruan gozatu ahal izango den azken emanaldia; jaialdian parte hartu duten taldeek kalejira egingo dute Carlos VII.a etorbidean, hilaren 25ean. Horretaz gain, taldeek beren herrietatik ekarritako lurrarekin haritz bat landatuko dute Florida parkean.



Egitaraua



Ostirala



22:00: Bong San (Korea), Doina Timisului (Errumania) eta Cruz Alejandro Quinal (Venezuela) Zubi Alde kiroldegian.







Larunbata



22:00: Santanderko (Kolonbia) Unibertsitateko taldea , Malaefenua Faletolu (Futuna-Polinesia) eta Sama Ranga (Sri Lanka), Zubi Alden.







Igandea



22:00: Sayani (Tuvako Errepublika-Errusia), Vezikhono Siko Lethu (Hegoafrika) eta Elai Alai (Euskal Herria), Zubi Alden.







Astelehena



21:30: Jaialdian parte hartu duten taldeen kalejira, Carlos VII.a etorbidean.

Dokumentuaren akzioak