Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Mundiala txikitatik amestu dudan zerbait izan da"

Dokumentuaren akzioak

"Mundiala txikitatik amestu dudan zerbait izan da"

Egilea
Erkuden Ruiz Barroso
Komunikabidea
Guaixe
Tokia
Altsasu
Mota
Albistea
Data
2023/07/19
Lotura
Guaixe
Paula Urabayen dantzari altsasuarra Portugalgo Dance World Cup-aren photocall-ean posatzen. UTZITAKOA

Paula Urabayen Ochoa-Aizpurua dantzari altsasuarra duela bi urte hasi zen dantza lehiaketetan parte hartzen, eta uztailaren hasieran Portugalen jokatutako Dance World Cup munduko dantza txapelketaren finalean parte hartu du.

Dance World Cup txapelketa dantzaren Olinpiadak direla diote, eta kiroletako txapelketa izango balitz, telebistan emitituko lukete. Ekainaren 30etik uztailaren 7ra 62 estatutako 120.000 dantzarik parte hartu zuten Bragan (Portugal) jokatutako finalean eta, tartean, altsasuar bat zegoen: Paula Urabayen OchoaAizpurua. Dantzari gazteak Burgosen jokatutako Espainiako kanporaketan lortu zuen mundialean parte hartzeko txartela, bigarren gelditu ondoren. Junior mailako Lirika kategorian parte hartu zuen, eta sailkapenaren erdialdean gelditu zen, 86.5 punturekin.

"Lau urterekin hasi nintzen dantzan; etxean etengabe ari nintzen dantzatzen"

Noiz hasi zinen dantzan?
Lau urterekin hasi nintzen dantzan. Etxean amak etengabe dantzan ari nintzela ikusten zuen, eta Iruñeko dantza eskola batean sartu ninduen. Beraz, Iruñean hasi nintzen lau urterekin, eta bertan jakin nuen gustatzen zitzaidana zela.

Noiz igo zinen lehenengo aldiz oholtzara?
Altsasuko Iortia kultur gunean, sei urterekin. Iruñean urtebete egon nintzen eta, ondoren, Irantzu Gonzalez Altsasura etorri zen eta kiroldegian dantza klaseak ematen hasi zen. Berarekin hasi nintzen. Bost urterekin hasi nintzen eta sei urterekin igo nintzen lehenengo aldiz eszenatokira.

Zein izan da zure ibilbidea?
Bost urteetatik Irantzu Gonzalez Dantza Eskolan egon nintzen, baina hamar urterekin edo gehiago behar nuen. Balleta egin nahi nuen. Jende guztiak esaten zidan dantza perfektua, garbia eta elegantea izateko balleta oinarria zela, eta Irantzuk Iruñeko Almudena Lobonera joatea gomendatu zigun, berak bertan ikasi zuen. Aurten arte bertan egon naiz, eta bertako ikuskizunetan parte hartu izan dut. Aurreko urtean Irantzu Dantza Eskolarekin dantza lehiaketetara joaten hasi nintzen. Ilusioa egiten zidan ikustea zer nolako maila zegoen, baita jakitea zein ziren nire egoera eta maila ere. Orduan, bi urte daramatzat lehiatzen eta mota guztietako oholtzatan dantzatzen.

Lehiaketetan parte hartzen, eta irabazten. Espero zenuen?
Aurreko urtean Orbe Burgos eta Dance World Cupen lehiatu nintzen, eta Orben irabazi nuen; baina Dance World Cupean ez nuen ezer egin. Iaz ere Euskadiko Dantza Txapelketan Berpiztu taldean ordezkapen bat egin nuen. Aurten Orbe Burgosen (bigarren saria), Espainiako Dance World Cup (bigarren saria eta finalerako sailkapena) eta Madrilgo Bsdansa txapelketan (lehenengo saria) aritu naiz bakarlari bezala eta ordezkapenak egin ditut ere, esaterako, Avilan.

Mundialerako sailkapena espero zenuen?

"Dance World Cup txapelketa bakarra zen ez nuela ezer ez espero"

Ez nuen espero. Txapelketa bakarra zen ez nuena ezer espero. Txapelketa oso serioa zen: lehiakide guztiak ilara batean jarri gintuzten aktuazio ordenan antolatuta eta entrenatzaileak eszenatokiaren beste aldera bidali zituzten. Ingelesez hitz egiten zuten, gainera. Besteak entseatzen ikusten nituenean "zer egiten dut hemen!" pentsatu nuen. Dena oso profesionala zen, beste dantzariak kontserbatoriokoak ziren, oso prestatuta joaten ziren, eta irakasleak edo entrenatzaileak oso zorrotzak ziren neskekin... Pentsatu nuen beste urte batez probatzera eta esperientzia bizitzera joaten nintzela, besterik gabe. Irabazi nuenean ezin nuen sinistu.

Nolakoak dira dantza lehiaketak?
Txapelketaren araberakoa da. Adibidez, Orben oso familiartekoa da. Dantza eskolak elkar ezagutzen dugu eta gure artean familia bat bezalakoak gara. Entrenatzailea zurekin eszenatokiraino joan daiteke. Sariak parte hartzaile guztiak eszenatokian gaudela ematen dituzte. Dance World Cupen dantzatu baina ordubete lehenago sartzen zara txapelketara, ahal duzun tokian entseatzen duzu eta gutxi gorabehera zure aktuatzeko ordua iristen denean, behera, eszenatokira, jaisten zara.

Dantzaren Olinpiadak direla esaten dute. Nola izan da bertan parte hartzea?
Oso arraroa izan da. Txikitatik amestu dudan zerbait izan da. The Next Step telebista saioa ikusten nuen; programa honetan dantza lehiaketetan parte hartzen zuten taldeek parte hartzen zuten, eta, batbatean, ni bertan nengoen, horietako txapelketa batean nengoen. Amets batean nengoen. Lehenengo egunean selekzioen desfilea izan zen. Nor bere taldearekin joaten zen, plaza batean bildu ginen delegazio bakoitza eta selekzioa esaten zutenean ateratzen ginen desfilean herrian zehar. Bertakoak kaleetan animatzen zeuden... Desfilea ekainaren 30ean izan zen, eta nik uztailaren 5ean dantzatu nuen. Egun horietan nahiko gaizki pasa nuen; lasaitu nahi nuen eta bidaiaz disfrutatu, baina ikusten nituen toki guztietatik mundialeko neskak: Irlandako selekzioko jantziarekin bat, Mexikoko selekzioarekin bestea... Dena zegoen selekzio desberdinetako jendez beteta, eta ezin nintzen lasaitu. Gurasoei etxera entseatzera joan nahi nuela esaten nien. Etxera joan ginen, eta bertan entseatzeko tokia oso txikia nuenez, kolpe bat hartu nuen aulkiarekin. Badaezpada erabaki nuen gehiago ez egitea.


Paula Urabayen dantzaria Bragan, Dance World Cup-aren finala jokatu den hirian. UTZITAKOA

Nolakoak izan ziren oholtzara atera aurretiko momentuak?
Irantzu nirekin zegoen eta esan nion entseatu behar nuela. Ezin nintzen eszenatokira atera dantzaren puntu ahulenak entseatu gabe. Iskin batera joan ginen eta ez zitzaizkidan ateratzen. Irantzuk esan zidan lasaitzeko azkenean aterako zitzaizkidalako, azken finean zorua ez da egokiena eta ezin ziren birak eman. Nire kategoria hasi zenean behera jaitsi ginen eta bertan nire blokeko dantzari guztiak zeuden. Areto bat zegoen linoleo lau zatitxoekin, eta bertan itxoin behar izan nuen bertan probak egin ahal izateko; orduan, beste guztiak ikusten nituen: neska batek hanka buruaren gaineraino igotzen zuen, beste batek mugimendu oso berezi bat egiten zuen, beste bat negarrez sartu zen, beste bat erori zen eta irakasleak errieta egin zion esanez erori zela pausua gaizki egin zuelako... Urduriago jarri nintzen.

Urduri atera zinen?
Oso. Dantza hasi aurretik, musika jartzen duten arte, momentutxo bat izaten dut bi aldiz arnasten dudala, lurrera begiratzen dut, eskuak estutzen ditut eta aurrera begiratzen dut. Hori beti egiten dut, gortinetan atera aurretik edo eszenatokian nagoenean, koreografia hasi aurretik.

Zure koreografiak sortzen dituzu, dantza eskolako irakasleen laguntzarekin. Nola sortzen duzu?
Koreografiaren araberakoa izaten da. Aurreko urtekoan inspirazioa erraz etorri zitzaidan eta aurten askoz gehiago kosta zait. Egun asko egon nintzen entseatzen ez zitzaidala ezer bururatzen, ez nuen ezer sortzen, bideoak ikusten nituen eta pentsatzen nuen nik hori ezin nuela egin, amari deitzen nion esanez ezin nuela.. Egun batean esan nuen: Ez naiz agobiatuko, begiak itxiko ditut, jarriko dut egitea gustatuko litzaidakeen abestia, eta sortzen dena. Orduan, pausu oso txikiak etorri zitzaizkidan eta dantzaren zatia koreografiatu nuen. Gero akrobaziak, birak eta horrelakoak sartu nituen, ikusgarritasun puntuak gehitzen dituzten elementuak.


Paula Urabayen koreografiaren une batean. DANCE WORLD CUP

Aurretik epaimahaiaren puntuatzeko jarraibideak ezagutzen dituzue?
Oso subjektiboa da. Pauta bat dute, eta adibidez akrobazia gehiegi sartzen badituzu zigortzen zaituzte akrobazietarako beste kategoria bat dagoelako. Lirikoa teknikoagoa izan behar da. Baina epaimahaikide bakoitza estilo batekoa izan ohi da. Esaterako, aurreko urtean epaimahaikide bat Espainiako selekzioko gimnasia erritmikoko kidea zen, akrobaziak gehiago puntuatu zituen eta irabazi zuten akrobatagoak eta gimnastagoak zirenak. Aurten oso ongi egin dute akrobazia gehiago sartzen bazenituen zigortzen zutelako, mugimendua eta adierazpena gehiago bilatu dute. Mundialerako sailkatu ginen lauak oso sentikorrak ginen, oso lirikoak.

Noiz hasi zinen prestatzen? Zenbat entseatu duzu?
Lehiaketak martxoan hasi ziren eta hilabete bat lehenago hasi nintzen prestatzen. Nahikotxo kostatu zitzaidan dantza bukatzea; txapelketa baino aste bat lehenago koreografiari kaña ematen egon nintzen. Baina dantza bukatzea asko kostatu zitzaidan, hilabete egon nintzen, eta azken astera arte ez nuen findu.

Koreografian aldaketak egin dituzu?
Lehiaketa bakoitzean aldatzen joan naiz. Orbeko koreografia ikustean, lehenengoa izan zena, eta Munduko txapelketarena, azkena izan dena, guztiz desberdina da. Beste puntu bat emango zioten gauzak aldatu ditut edo besterik gabe oholtzara igotzen nintzenean eta zerbait oso polita ateratzen zitzaidanean hurrengorako gordetzen nuen. Bideoekin laguntza izan dut; bertan ikusten nituen aurretik prestatu ez nituen gauzak ateratzen zitzaizkidala, eta hurrengoan sartzen nituen.

Nola deskribatuko zenuke koreografia hitzez?

"Dantzaren bidez istorioak kontatzea gusataten zait; dantza hau hunkigarria zen"

Nik istorio bat sortzen dut; dantzaren bidez istorioak kontatzea gustatzen zait. Orduan, abesti oso hunkigarria zen, Valeria Castroren Cuídate, eta nik asmatu nuen pertsona batek gaixotasun bat zuela eta gaixotasun hori ari zaio etengabe pertsonari bizitza kentzen saiatzen. Dantzarekin abestiaren momentu delikatuetan erortzen naiz, baina beti altxatzen lortzen dut. Iristen da momentu bat gehiago ezin dudana, dantza amaitzen denean, hilda bukatzen dudala. Oso dramatikoa eta emotiboa da. 

Nolakoak izan ziren azken asteak?
Zaila izan da entseatzea gauza asko zeudelako, baina aurreko astean praktikoki egunero joan nintzen eskolara eta ni saiatzen nintzen gauza gehiago eta berriak sartzen mundial batera nindoalako. Uste nuen koreografia %100ean egoteko hobetu behar nuela. Jendeari erakusten nion eta esaten zidan dantza osooso ongi zegoela, ez saiatzeko publikoa harritzeko gauza gehiago sartzen, zegoena perfektua zelako. Eta arrazoia zuten, eraman nuen aurretik entseatu nuen bezala.

Azken egunetan entseatzea gomendagarria da?
Batzuetan kalterako izan daiteke. Kolperen bat hartu nuen, eta eskerrak Portugalen deskantsatzeko aukera izan nuela.

Errusiako Balletaren kanpusa 2021ean, Madrilgo 180 dantza eskolan ikastaroa 2022an... Udak dantzan pasatzen dituzu.
Dena ustekabekoa izan da. Ez nuen espero Errusiako Ballet kanpusean hartuko nindutenik, aurreko urtean ez nuen espero Orben 180 eskolan ikasteko beka bat ematea eta aurten ez nuen espero mundialetarako sailkatzea. Gauzak etortzen joan dira; sorpresaz. Esperientzia guztiak oso garrantzitsuak dira.

Eta mundiala nolako esperientzia izan da?

"Dantza oso gutxi baloratuta dago eta horrelako zerbait, Olinpiaden antzerako zerbait, telebistan ikusten dituzu, eta hau telebistan botakotzeko modukoa zen"

Hau desberdina izan da. Besteetan beldurrez joaten nintzen ea gustatuko zitzaien nola dantzatzen naizen, aste batean dena erakutsi behar duzulako. Kasu honetan, aurretik ikusi ninduten eta mundialera joateko prest nengoela ikusi zuten, eta sinetsi nuen. Epaimahai profesional batek erabaki zuen bertan egon behar nintzela. Alde horretatik lasaiago joan nintzen. Inoiz gertatzea espero ez nuen gauza bat izan da, txikitan amestutako zerbait eta errealitatean ikustean ezin nuen sinistu. Dantza oso gutxi baloratuta dago eta horrelako zerbait, Olinpiaden antzerako zerbait, telebistan ikusten dituzu, eta hau telebistan botatzeko modukoa zen. Presioa ere handia da; epaimahaiak oso profesionalak dira, goi mailako konpainia ospetsuenetako zuzendariak, dantza konpainia ospetsuen lehenengo dantzariak... Soilik horrelako profesionalen aurrean dantzatzea asko da. Dantzaren mundua oso handia da, eta hor dakizuna egiten erakustea oso handia den zerbait da.

Lesio batekin joan zinen, gainera.
Lesioagatik klasikoa alde batera utzi behar izan dut, eta egia da klasikoaren beharra nabaritu dudala. Klasikoa egin gabe denbora tarte bat egoten zarenean asko nabaritzen da, galtzen duzu, eta horrek baldintzatu nau. Mundialean lesioagatik pausu txar bat egin nuen, oinak momentu batean huts egin zidan, eta ahal izan nuen moduan berreskuratzea lortu nuen, baina lesionatuta dantza egitea arriskutsua da. Esginze bat egin nuen eta belaunean ubeldura bat, baina zerbait larriagoa izan zitekeen. Azkenean, hobe da gelditzea eta guztiz osatzea.

Zer sentsazioekin gelditu zinen?
Aurrera jarraitzeko gogoz. Oso pozik gelditu nintzen, zure koreografiak sortzen dituzunean nahi duzuna erakusten duzu; nahi duzuna transmititzen eta adierazten duzu. Nik oso estilo desberdina daukat lehiatu nintzen beste dantzariekin alderatuta, eta hori erakutsi nahi nuen ere: lirikoa teknikatik harago dago, beste modu batekoa izan daiteke ere, sentimendu eta adierazpen gehiagorekin.

Datorren urtean txapelketetan parte hartuko duzu?
Irantzuk aukera ematen badit, nik guztia emango dut eta egin ditudan koreografiak gainditzen saiatuko naiz.

Zer gelditzen zaizu egiteko?
Dena. Baina hurrengo helburua kontserbatorio batean sartzea da. Kontserbatorioan sartzeko prestatu nahi dut.

Dokumentuaren akzioak