Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mugimenduen harremanak ikertuz

Dokumentuaren akzioak

Mugimenduen harremanak ikertuz

Zinetika bideo eta dantza festibala bi arteen arteko harremanak ikertzen ditu

Egilea
Erkuden Ruiz Barroso
Komunikabidea
Guaixe
Mota
Albistea
Data
2017/11/22
Lotura
Guaixe

Fisika eta kimikaren arloan zinetika gorputzen mugimenduak ikertzen dituen dinamikaren legea da. Zinetika bideo eta dantza jaialdiak ere mugimenduak ikertzen ditu, baina dantza eta zinemaren artean sortzen diren mugimenduaren harremanak ikertzen ditu. Azaroaren 22tik 25era, heldu den ostegunetik larunbatera, ospatuko da Zinetika jaialdia Iruñean eta Donostian. Laida Aldaz diziplina anitzeko artista etxarriarra da zuzendaria.

Kamera eta dantzaren arteko harremana ikertzen duen jaialdia da Zinetika, Laida Aldaz festibalaren zuzendari etxarriarraren hitzetan. Jaialdian “hainbat” film labur aurkeztuko dira; eta “pelikula hauen lengoaia dantza da”. Zinetika jaialdiaren helburuak bi dira: sorkuntza forma desberdinetan jendearen ikusmira potentziatu eta dantza garaikidearekiko ikusmira sortzea. “Askotan antzokiak ez dira betetzen, eta filmen bitartez jendea dantza saioetara animatzera lagundu nahi diegu”. Prozesu sortzaile desberdinak aurkezteko aukera bat badela ere azaldu du Aldazek.

Uztartzea

Dantza eta zinea arteen arteko harremanean forma asko aurkezten direla azaldu du Aldazek. “Guk ez duguna nahi da dantza filmatzea. Hau da, koreografia bat grabatzea. Beharrezkoa da dantza horretan kamerak zerbait esatea, harremana bat izatea”. Betiere, produktu finala autore edo zuzendariaren esku dago. Argudio narratiboak izan daitezke, edo abstraktuagoak izan.

Edozein dantza estilo, edozein dantza teknika. Baldintza garrantzitsuena kamara eta dantzaren arteko harreman beharrezko bat izatea da: “kamara eta gorputzaren artean harremana izatea eta hori sakontzea”. Jaialdian parte hartzeko filmek hamabost minutu baino gutxiago izan behar zuten.

130 film baino gehiago aurkeztu dira Zinetika jaialdiko lehiaketara aurten, 29 herrialdetatik. Hainbat saio edo tarte ditu jaialdiak. Lehiaketara aurkeztutako filmetatik sail ofizialerako bost aukeratu dituzte. Open Screen sailean txapelketaren barne ez dauden filmak proiektatuko dituzte, “iruditzen zaigulako jaialdian parte hartzeko beharrezkoak direla”. Azkenik, Zinetika programan beste bost film labur ikusiko dira, jaialditik kanpo, baina proiektatzeko aukeratuak izan direnak.

Kamera eta dantzaren arteko harremana horretan sakontzeko bi ekimen prestatu dituzte Zinetika jaialditik: tailer bat eta masterclass bat. Tailerra kamera eta gorputzaren arteko harremanean sakontzeko izango da eta Sra Polaroiskak emanen du. Oscar Alegria zuzendariak Pelikula bat eta hiru plano masterclassa emanen du. “Hainbat zuzendari etorriko dira ere eta haiekin hitz egiteko aukera egongo da”.


Laida Aldaz.

Bi hiri elkartuz
“Kanpoan bizi naiz eta hemen Nafarroan zerbait gehiago egin nahi nuen jendea dantzan motibatzeko. Nik hainbat bideo-dantza eginak nituen, eta ideia polita iruditu zitzaidan”. Zinetika bigarren edizioa izanen da aurtengoa. Joan den urtean ospatu zuten lehenengoa eta “oso ongi” egon zela aitortu du Aldazek. “Sofia Alforja Dantzaguneako arduraduna etorri zen, eta hainbeste gustatu zitzaion, Donostian ospatzeko proposatu zigun”. Hortaz, aurten Donostiara salto egin du festibalak. Bi hirietako programazioa antzekoa izanen da.

Azaroaren 22an eta 23an, asteazkenean eta ostegunean, Iruñean hasiko da Zinetika festibala. Ostiralean, azaroaren 24an, Donostiara joanen da, 24an bukatzeko. Filmetako proiekzioak Nafarroako Filmotekan izanen dira, Iruñean; sarrerak eskuratzeko bertako sarreran erosi daitezke 3 eurotan. Donostian Tabakalerako zineman izanen dira proiekzioak eta 3,5 eurotan eskuratu daitezke sarrerak. Tailerra eta masterclass-a Iruñeko Kondestable Jauregian eta Donostian Tabakaleran egingo dira. Doan dira baina izena eman behar da festibaleko webgunean: www.zinetikafestival.com/eu

Aldaz, dagoeneko heldu den urteko jaialdirako ideiak baditu. Jakinarazi digunez, aurten ez da dantza-ikuskizunik izanen, baina 2018ko festibalean bai. “Ilbeltzean hasiko gara datorren urteko edizioa antolatzen eta horretarako datorren urteko ediziorako gauza berriak aurkeztu nahi ditugu”.

Dokumentuaren akzioak