Dokumentuaren akzioak
Mugimenduaren esperimentatzailea
Merce Cunningham zendu da, AEBetako balleta berritu eta XX. mendeko dantza irauli zuen dantzari eta koreografoa. Mugimenduaren adierazpide oro ikertzeko, ildo askotariko sortzaileekin lan egin zuen
1919. urtean Centralian jaioa (Washington), gazterik barneratu zen
dantzaren munduan. Zapateatua eta aretoko dantza ikasi zituen umerik.
Eta 20 urterekin hasi zen Martha Graham koreografo laudatuaren
konpainian lanean. Dantzari bakarlari gisa aritu zen sei urtez. 1945ean
erabaki zuen konpainia uztea, eta bide berriak urratzea, alegia,
koreografo lanean buru-belarri murgiltzea. Urtebete lehenago haren
ibilbidea eta bizitza markatu zuten elkartzea jazo baitzen: John
Cageren musikarekin lagundutako lehen obra zuzendu zuen Cunninghamek.
Bikote ederra osatu zuten sortzaile biek, eta beren indarraz jabetuta,
koreografia andana osatu zituzten elkarlanean, harik eta 1992an Cage
hil zen arte.
Merce Cunningham Dance Company 1953an eratu zuen. Mugimendua
esperimentatzeko laborategi bihurtu zuen berehala, joera berrien
probaleku. Profesional nekaezina, 200dik gora obra aurkeztu zituen hil
artean zuzendu zuen konpainiarekin.
Berrikuntzen bila abiatzen direnen hasierak ez dira samurrak
izaten, eta Cunninghamek ere arbuio giroa nozitu zuen ibilbidearen
hastapenean. «Oso gogorra izan zen», gogoratzen zuen sortzaileak
tristurarik gabe. Izan ere, garai batean txistuka harturikoak munduaren
luze-zabalean onarturiko obra arrakastatsuak dira gaur egun.
Zen filosofiatik Cagek barneratutako zoriari buruzko teoriak
bere eginez, arte diziplinen arteko topagune bihurtu zituen
koreografiak Cunninghamek. Dantzarako pasioak eta mugimenduarekiko
lilurak bestelako sortzaileekin lan egitera eraman zuten. Lagun eta
lankide izan zituen, esate baterako, Robert Rauschenberg eta Jasper
Johns artistak. «Beste artista batzuekin lan egitean zoriaren aukerak
gehitu egiten dira. Nik pentsatu ez dudana pentsatzen dute, eta
egiazki, estreinaldira arte inork ez daki zer gertatuko den», adierazi
zuen Cunninghamek haren lan egiteko moduaz.
Diziplina askotako sortzaileek parte hartu zuten
koreografoaren obretan; hala, pieza askotan zoriaren esku laga zuen
dantza, musika, artea, eszenografia eta argiztapenaren arteko
uztartzea.
Horrenbestez, tradizio koreografikoak agintzen zuenaren
kontrara jokatu zuen sarri askotan, ezarritakoari desafio eginez. Baina
Cunninghamentzat Rauschenberg, Cage, Johns eta beste sortzaile batzuk
ezagutzea «ezinbestekoa» izan zen haren obra garatzeko. «Adierazpide
berriak bilatzen zituzten, eta nire esparruan gauza berbera egitera
bultzatu ninduten. 50eko hamarraldian nagusi zen jarraikortasunaren
ideia nabarmen aldatu da. Telebista izan zen aurrena, eta Internet
orain. Etenaldietara ohituak gaude, gauza batetik bestera salto
egitera, horregatik orain lehen baino hobeto ulertzen da egiten
dudana».
Dantzarien teknika, nolanahi ere, gertutik eta zorrotz
jarraitu zuen koreografoak beti, «bestela ez da posible mugimenduaren
aukera guztiak aztertzea».
Teknologia berriek ez zuten kikildu. Kontrara: DanceForms
konputagailurako programa sortu zuen, teknologiak dantzaren esparrura
eramanez, mugimenduaren aukera berriak ikertzeko xedearekin. XX.
mendeko dantza irauli zuen, eta AEBetako balleta berritu. Ez zuen inor
hotzepel utzi, eta urteen joan-etorrian ospe handiko sariak emanez
aitortu diote mundu osoan.
Dokumentuaren akzioak