Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mugimenduan dagoen laborategi eszenikoa

Dokumentuaren akzioak

Mugimenduan dagoen laborategi eszenikoa

Komunikabidea
Nontzeberri
Mota
Albistea
Data
2021/02/18
Lotura
Nontzeberri

Metamorphosis Dance konpainiaren barruan, Iratxe Ansak, Espainiako Dantza Sari Nazionalak, eta Igor Bacovichek Al desnudo izeneko pieza taularatuko dute Bilboko Arriaga antzokian, otsailaren 18an, 19:00etan.

Al desnudo ikuskizuna dinamikoa da, non musika eta mugimendua modu adierazgarrian batzen diren. Hainbat zati nabarmendu ahal dira: “hasierako sentsualitatea (duo klasikoa, Philipp Glassen erritmoan), emeki dantza oso fisikoa eta esplizitua bihurtzen da, Johan Wieslanderren konposizioek gidatuta. Beraz, musika emozional batekin hasten da eta tentsio hori ezin hobeto egokitzen da bikote baten harreman gatazkatsura, hori baita Ansak eta Bacovichek hasieran erakutsi nahi dutena”.

Bigarren zatian musika esperimentalagoa da, tekno estilokoa. Gainera atal horretan musikak eta argiztapenak garrantzia hartzen dute: “hasieran, espazio txiki bat osatzen dute eta, pixkanaka, geruza berriak gehitzen zaizkio, argi gehiagorekin, sakonera gehiagorekin eta leku berriekin. Izan ere, Danilo Moroni argiaren artisauaren eskutik, argiztapena dantzariak bezain protagonista da. Naturalismo bitalak hartzen du agertokia, eta ikuslea bildu egiten du, piezak aurrera egin ahala, in crescendo etengabean”.

Proiekzioek, musikak, teknikak, inprobisazio gidatuak eta Aia Kruse Goenagaren offeko ahotsak, Ansa eta Bacovichen testuak interpretatzen dituenak, bat egiten dute agertokian. Horrexegatik esan ahal da Al desnudo mugimenduan dagoen laborategi eszeniko moduko bat dela, “ikuskizunean, grabatutako bideoa eta oholtza gainean zuzenean gertatzen ari denaren streaminga uztartzen dira”.

Metamorphosis Dance konpainiak prestigio handia du nazioartean, izan ere, Ansa eta Bacovichek osatutako tandemak 30 herrialde baino gehiagotan egin du lan eta 20 dantza konposizio baino gehiago koreografiatu ditu. Orain, Arriagara iritsiko dira Al desnudo lanarekin.

Dokumentuaren akzioak