Dokumentuaren akzioak
Mugimendu anitzen plaza
Kultur ekitaldi handi zein txikiak eta antzokietako emanaldiak bertan behera geratzen ari diren garaian, egitarauari eustea erabaki du Maitaldia jaialdiak. Bere 30. urtebetetze festara askotariko dantza estiloak lantzen dituzten konpainiak gonbidatu dituzte. Balleta, dantza garaikidea, euskal dantzak edota performanceak. Hamaika estilok eta jatorrik bat egingo dute Biarritzen irailaren 20ra bitarte. Zuzeneko ikuskizunak ez ezik dokumentalak, bideo instalazioak eta zinema proiekzioak antolatu dituzte hiriko zenbait gunetan. Ikuskizunak, entsegu publikoak, erakusketak, ikastaroak edota hitzaldiak antolatu dira hamar egunetan zehar Biarritzeko hainbat txokotan. Ikuskizunetarako sarrerak eta emanaldietarako bonuak dagoeneko eros daitezke jaialdiaren webgunean: letempsdaimer.com. Halere, emanaldi batzuk doan eskainiko dituzte kalean ere.
Frantziar konpainiekin batera, Euskal Herriko zenbait ere arituko dira. Besteak beste, Kukai, Blanca Arrieta, Dantzaz konpainia, Bilaka euskal dantza talde hendaiarra eta Ziomara Hormaetxe dantzari gernikarra. Asteazkenean du emanaldia Arrietak, eta datorren ostiralean Hormaetxek eta Bilaka konpainiak. Bestalde, balletak hartzen du egitarauaren zati handi bat Maitaldian, Biarritzeko Malandain ballet konpainiaren omenez. Izan ere, ballet konpainiako zuzendari den Thierry Malandain da jaialdiko zuzendari artistikoa. Malandainek Mozart a 2 eta La Pastorale ballet piezak aurkeztuko ditu aurtengo edizioan. Beethoven musikari klasikoak 250 urte beteko lituzke 2020 honetan bizirik balego, eta haren omenez ondu du Malandainek La Pastorale. Iazko abenduan estreinatu zuen Euskal Herrian, hain zuzen Miarritzeko La Gare aretoan. Konpositorearen seigarren sinfoniaren omenez jarri dio izenburu hori piezari, eta orotara hogei dantzari arituko dira oholtzan.
Dantza eta fusioa Miarritz mugimendu irudimentsuz beteko da egunotan, eta bere piezak aurkeztuko dituen dantzari eta koreografoetako bat da Martin Harriague baionarra. Harriaguek urte asko eman ditu atzerrian dantzatzen, eta sustraietara buelta egingo du orain; izan ere, Ballet Malandain dantza konpainian egin zituen ikasketa klasikoak, eta gerora, ballet juniorreko kide izan zen. Hirugarren aldiz taularatuko du piezaren bat Maitaldian, eta aurten bi sorkuntza lan berri ondu ditu: Life eta Serré. Bi emanaldiak guztiz berriak dira, sortzaileak uda honetan landutakoak. Bi proposamenek estilo eta mezu ezberdinak dituzte. "Lifen etorkizunek munduaren irudia sortzen ahalegindu naiz, mundu ideal baten inguruko pieza bat da", azaldu du.
Bigarren sorkuntza lana, berriz, esperimentalagoa da, askeagoa beharbada. Izan ere, koreografo baionarrak dantza klasikoa ikasi zuen arren, atsegin du dantza estiloak nahastu eta eduki berritzaileak aurkeztea. Dantza modernoa egiten duela dio, handik eta hemendik ikusitakoa eta ikasitakoa bere erara moldatuz, baina, "beldurrik gabe" baliatzen dituela ballet klasikoko pausu eta mugimenduak baita ere. Kasu honetan, emaitza hibrido bat dela azaldu du: "Ez nuke dantzaren barruan sartuko ikuskizun hau, antzerki fisiko edo pelikula baten antzera pentsatu dut". Oholtzan Harriague bera eta beste bi dantzari agertuko dira, giro "misteriotsua" duen sorkuntza dantzatzen. Asteazkenean estreinatuko dute Life, eta ostegunean, aldiz, Serré.
Nahasketa eta estilo guztientzat dago lekua Maitaldian, eta hori da hain zuzen festibalaren "xarma" Harriaguerentzat. Dantza garaikidea, tradizionala, klasikoa nahiz flamenkoaren topagune izaten baita ekitaldia. Halere, aurten aniztasuna ez da espero zitekeena bezain handia izango; izan ere, konpainia batzuek ezin izan dute bertaratu, koronabirusaren pandemiak sortutako egoera dela medio.
Baldintzekin, baina aurrera Biarritzen dantza ikusteko ohitura dagoela baieztatu du Harriaguek, eta normalean publikoaren harrera oso "beroa" izaten duela etxeko goxoan. Aurten, baina, urduritasuna eta beldurra nabari dira giroan, eta uste du posible dela jendeak an-tzokietara bertaratzeko prestutasun gutxiago edukitzea. Halere, jaialdiarekin aurrera jarraitu izana seinale ona dela uste du dantza sortzaileak. Bada, Thierry Malandainek berak, jaialdia aurkezteko idatzitako oharrean, jaialdiaren 30. urtemuga indarrez ospatzearen beharra plazaratu zuen: "Maitaldiaren 30. ale hau ez da bakarrik urtebetetze kariko gertakizuna izanen, baina beldur gizajalearen kisketa jauzarazi ondoren, gorputza eta izpiritua berriz baketzeko parioa egitea, amodioa eta zorionaren arteko lehen urratsa kurritzeko, udaren ondotik ipar haizearen garaiaren itzulerako itxaropenarekin". Dantzaren maitaleek zita garrantzitsua dute egunotan Biarritzen.
Dokumentuaren akzioak