Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mugetan dantzatzea

Dokumentuaren akzioak

Mugetan dantzatzea

Ausarta izan behar da negar egiteko. Behintzat publiko aurrean negar egiteko. Hori egiten duen pieza baten aurrean zapata zola bezalakoa izan behar da ez hunkitzeko. Nahiz eta gertatzen ari dena ez izan ulerterraza edo gustukoa.
Egilea
Xalba Ramirez
Komunikabidea
Argia
Mota
Albistea
Data
2021/01/22
Lotura
Argia
Argazkia: Ander Merino
Argazkia: Ander Merino

Plazer estetikoa erabat kamustuta mugitzen gara areto batetik bestera. Hunkitzea bilatzen dugu atsegintasunari esker. Melodia on bat, mugimendu polit bat. Arkitektura guztietan edertasuna topa daiteke. Sobietarrek bazekiten eta DAPAkoek ere badakite, Bidebieta eta Pasaiako arkitektura mirestean.

Brutalismoaren garaiak noiz itzuliko zain egon gabe, esperimentu zintzoetan erosotasuna topatzea ez da zaila egiten. Esan nahi dut, batzuetan bada esperimentalismoa oso testuinguru pertsonalean proposatzen duenik, eta askotan kontzeptualegia da edo (eta) hotzegia. Baina zer ukitzen duen interesatzen zaigu. Hau? [burua seinalatuz] Edo hau? [bihotza seinalatuz]. Bitako bat, gutxienez.

Manu Gaignek eta Jone Amezagak sortutako Zerbait. Noizbait. Nonbait piezan biak ala biak ukitu dituzte. Dantza musikatua ikustekoak ginen, baina bestelako proposamen batekin egin dugu topo. Instrumenturik gabeko musika, koreografiarik gabeko dantza, gidoirik gabeko antzerkia.

Zerbait. Noizbait. Nonbait
Hurrengo emanaldia:
Noiz: urtarrilak 24
NoN: Donostiako Tabakalera

Errenteriako Niessen aretoko urriko emanaldian, gorputzarekin musika egiten hasi dira, reverse gisako efektua gehituz eta atzekoz aurrera planteatuz. Gong batera hurbildu da Gaigne, baina ez du esperotako eran jo. Egurra ukitu du, eta ertzak, eta haztatzeari utzi dio, erritmoa mantenduz beti ere. Ez jotzea ere jotzea delako.

Perkusioak etetean oihu egiten du Jonek. Buru gaixotasunek hiriarekin duten lotura oinarri, Ruidismoa delako mugimendutik edanaz bozinak eta kotxeak eta txoriak nahastu dituzte. Eta lurra mikrofonoz bete oinen delay-arekin jolasteko. Eta aretoko ateak ireki kanpoko soinuekin elkarrekintza egiteko. Edo sartu ez den norbaiti gonbita egiteko. Edo atera ez den norbaiti.

Utzi dute eszenatokia minutu pare batez. Eta nik uste nuen oraindik piezak jarraitzen zuela, emozioak kudeatu, pentsatu, sentitu bitartean. Hutsaren garrantzia, hark zioen bezala. Eta gogoeta horien artean bukatu da. Amezagaren negar zotinak eserlekuen alboan entzuten zirela.

Esperimentalismoa esperientzietara eramaten jakitea da arteari eskatu dakiokeen gauza ederrenetako bat. Intimitateez hitz egiteaz gain, mugetara eramatea sentsazioak eta emozioak. Mugetan topatzen diren ideiak ederragoak direlako. Gaignek eta Amezagak egindako lehen lan honek etorkizuna du muga bakar. Hurrengo saioa hilaren 24an egingo dute Donostiako Tabakaleran. Ez da berdina izango, baina ziur ez zarela damutuko. Zabalik hartzen baduzu.

Dokumentuaren akzioak