Dokumentuaren akzioak
Motor eta joare harrabotsa
Inauteriak
Geldi dira denak. Zain. Lehenbiziko joaldunak adarra darama lepotik zintzilik; Laxaro Erregerena da. Inguruan dituen bisitariei mintzatu zaie, urrutian joare hotsa aditzen den bitartean. «Ez dakizue zer den momentu hau; barneko elkartasuna». Une horretan ailegatu dira Zubietako eta Iturengo Aurtitz auzoko (Nafarroa) joaldunak. Haiek ere gelditu dira, eta iturendarrak hurbildu zaizkie. Orduan, denek urrats berarekin hartu dute frontoirako bidea. Suziriak, motorrak, motozerrak, joareak... hasi da anabasa. Inauteriak dira.
Horixe da Ituren eta Zubietako inauterietako soinu banda: motoak, motozerrak, suziriak eta joareak. Egun osoan ez dira gelditu, eta, gaur ere, horrela jarraituko dute. Ostegunean hasi ziren inauteriak, baina astelehena eta asteartea dira joaldunek elkarri bisita egiteko egunak. Hala, zubietarrek Ituren bisitatu ondoren, gaur iturendarrak Zubietara joanen dira bisita itzultzeko asmoz. Heldu den asteburuan, afariak eta bazkariak eginen dituzte, eta inauterietako kontuak itxi.
Ituren eta Zubietako inauteriak zer diren azaltzea zaila izaten da bertako biztanleentzat. «Inauteriak dena dira, bestarik onena», esan du Carmelo Aioroak. «Arazo guziak han utzi, eta besta egin. Besta, gainera, herriko bestetan ez bezala. Deus ikustekorik ez du bestekin; inauteriak barrenean sartzen dira», gaineratu du Aitor Manterolak. Aurtiztarrak dira biak, eta urte mordoxka eman dute joareak bizkarrean janzten. Aurten ere bai, noski. Ez dago beste aterabiderik, Manterolaren ustez: «Ez baditut paratzen joareak, esan nahi du ez dudala inauteririk».
Hamaiketakoa hartu bitartean mintzatu dira biak. Jatekoa eta edatekoa erruz mahaietan, eta musika ere ez da falta. Elkarte txikia da, eta giroa, beroa. Bildutako puskekin egiten dute gosaria. Gero, batzuek joareak hartu dituzte; besteek, mozorroak. «18-20 urtetan, ongi, baina gure urteekin, nabaritzen da pisua», aitortu du Manterolak. Hala ere, uste du garai batean ez bezala gaur egun gazteek nahiago dituztela mozorroak. Baina ez da kezkatzekoa: joaldun anitz dira Aurtitzen.
«Inauterietan elkartasuna ikusten dut nik: otordu guziak hemen [elkartean] egiten ditugu denok, eta herria nahiko batuta egoten da. Joareak bizi dira anitz, baita mozorroak ere. Giro ona dugu egun guzian». Horixe Maider Bereau iturendarrak egindako deskribapena. Denen ahotan dago besta bizitzearen kontzeptua. Hori, seguruenik, ez dute bizi ttuntturroak eta joareak ikustera joaten direnek, Iturengo sarreran autoak pilaturik uzten dituzten bisitariek, ia Elgorriagaraino ailegatzen den aparkaleku inprobisatuan. Hori bertakoek bizi dute.
Bereauk mozorro koloretsua jantzi du, eta aurpegia, nola ez, estali. Inauteriak luzeak dira, eta tartekatu egiten ditu mozorroa eta joareak. Larunbatean, adibidez, joaldun atera zen Iturengo etxeetan puskak biltzeko. Horrekin ere kontent azaldu da: «Gero eta gehiago ateratzen dira emakumeak joareekin». Nabarmentzekoa da inauteriek auzoko guziak batzeko duten indarra. «Herri ttipiak hori du ona, hori da politena, baina egunerokoan ere horrela izaten da».
Gosaria hartu bitartean, mozorro batzuk kalean ibili dira gora eta behera motorren gainean. Beldurra emateko maskarak buruan, eta batzuek motozerra eskuan, jendeari segika aritu dira. Bestelako pertsonaiak ere agertu dira: hostoz jositako emakume zahar bat, Obama familia, pertsonaia beldurgarri zenbait, eta bitxienetako bat, mozorro tradizionala teknologia berriekin nahastu duena. Izan ere, zakuekin egindako mozorro batek Iturengo kaleak zeharkatu ditu sakelako zaharrak eta kableak gorputzean zintzilik eta buruan ordenagailuaren pantaila jarrita.
Ongietorria
Halako batean, joaldunak atera dira herriari itzulia emateko. Eguerdi aldera izan da, zubietarrak Aurtitzerako bidean joareak jo bitartean. Txaranga ere izan dute lagun iturendarrek ostatuz ostatu egin duten ibilbidean. 14:30erako, txintxo demonio, Latsaga auzoan bildu dira joaldunak. Berehalaxe aditu dira joare hotsak Zubizburu zubia igarotzen, eta agertu dira bizilagunak.
Iturengoak aurretik, Aurtizkoak gero, eta bukaeran zubietarrak, frontoira ailegatu dira suzirien eztandak ongi etorria ematearekin batera. Karrozak ere atera dituzte mozorroek: Xolberroko portua, talogileen postua, Zubietako koltxoiak berritzeko txokoa, Gaddafiren autoa eta gurutziltzatuen orga. Oihuak, motorrak, motozerrak... harrabotsa. «Ni ez utzi bakarrik», esan die gaztetxo batek adiskideei. «Denak elkarrekin», erantzun besteak. Konturatzerako, korrika hasi dira, nor bere aldetik. Inauteriak dira.
Dokumentuaren akzioak