Dokumentuaren akzioak
Moor Krad dantza ikuskizuna estreinatuko dute ostiralean Arriaga Antzokian
Abenduaren 9an, lehenbizikoz taularatuko dute Ertza dantza konpainiaren Moor Krad obra. Bilboko Arriaga Antzokian egingo da obraren estreinaldia, arratsaldeko 19:30ean.
Asier Zabaleta dantzari eta koreografo gipuzkoarrak zuzendutako lana da Moor Krad. Testurik ez du, eta dantza garaikidea darabil lengoaia nagusi bezala, azken hamarkadetako teknikekin uztartuta: krump, tutting eta dantza urbanoei ere egiten die tokia lanak. "Emozioz beteriko mugimendu hutsa, testurik gabe, hitzek esan ezin dutena esateko", irakur daiteke obrari buruzko fitxan.
Argiaren tratamenduari garrantzia ematen dion lana da, argiztapen monokromoa bilatu baitute nagusitasuna dantzarien gorputzei emateko; Junky Mayo arduratu da aspektu horretaz, eta Pello Artolak egin du eszenografiaren diseinua. Musikari dagokionez, aldiz, John Dowland eta Henry Purcell konposatzaile barrokoen piezen aukeraketa batean oinarritu dira, eta musika elektronikoaren bidez eguneratu egin ditu Marx Kanou musikariak. Abestiak zuzenean abesten ditu Iosu Yeregui abeslariak.
"Guztiok gordetzen dugun itzal hori" argitara eramateko helburua du Moor Krad obrak. "Bizitzan zehar erreprimitu egiten ditugu ezaugarri horiek, askotariko arrazoiak tarteko, eta gure nortasunaren gela ilunean gordetzen ditugu, gureak ez direlakoan", dio sinopsiak. Moor Krad-en taularatzen diren pertsonaiek –Valerio Di Giovanni, Rafke Van Houplines, Pilar Andrés, Denis Martínez, Thiago Luiz Almeida eta Iosu Yereguik antzeztuak–, baina, badakite badakite alde ilun bat dutela eta alderdi horrek pertsona gisa osatzen dituela. "Hori dela eta, ez dituzte kontraesanak ezkutatzen, eta diren modukoak agertzen dira".
"Moor Krad-en ez dago gezurrik, ez moral bikoitzik, ez bizitza paralelorik. Hemen, den guztia argitara ateratzen da. Aratz jaiotzen gara, baina, besteei atsegin egin eta onartuak izan nahian, haurtzaroaren eta gaztaroaren zati handi bat ematen dugu zaku batean gure zer ezaugarri gordeko ditugun erabakitzen; eta gainerako denbora zaku hori husten ematen dugu…".
Dokumentuaren akzioak