Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Montevideoko Eusko Indarra dantza taldeak 40 urte bete ditu eta jendearengana bildu nahirik ari da ospatzen

Dokumentuaren akzioak

Montevideoko Eusko Indarra dantza taldeak 40 urte bete ditu eta jendearengana bildu nahirik ari da ospatzen

Komunikabidea
Euskal Kultura
Tokia
Montevideo, Uruguai
Mota
Albistea
Data
2022/11/29
Lotura
Euskal Kultura
Montevideoko Eusko Indarra dantza taldearen emanaldien une ahaztezin batzuk
Montevideoko Eusko Indarra dantza taldearen emanaldien une ahaztezin batzuk

 

Joan den hilean bete ditu 40 urte, 1982ko urriaren 12an sortu baitzen Eusko Indarra, garai hartan Montevideon zeuden bi euskal etxeetatik, Euskal Erria eta Euskarotik, zetozen gazteek hasita. Ibilbide aberatsa etorri da geroztik, eta emanaldiak Uruguai osoan, baita Brasil eta Argentinan ere; Argentinako Euskal Aste Nazional askotan parte hartu izan dute. Jai eta emanaldi horien artean Haize Hegoa Euskal Etxea sortu zuten. Euskal kulturaren aldeko energia eta engaiamenduak segitzen du euren ezaugarri.


Eusko Indarra: 40 urtez Montevideoko euskal dantza taldea

Lehenago, aurreko urtebetetze biribilak ospatzeko, emanaldiak antolatu ohi zituzten antzokietan, edo festa handiak, 25. eta 30. urteurrenekoak kasu. Oraingoan, berriz, jendearengana bildu nahi izan dute, "jendea dantzan jarri". Izan ere lizeoak, kirol plazak eta eskolak ari dira bisitatzen eta euskal dantza tailerrak ematen, "hobeki egiten dakigun hori, dantza, jendeari pasatzeko". Haurrak, nerabeak eta baita jubilatuak ere dira hartzaile, eta partaide. "Gauza da aukera eskaintzea ez bakarrik dantzak ikasteko, interesa eta galderak sorrarazteko ere baizik, adibidez, non dagoen Euskal Herria, zeintzuk diren euskal ohiturak, zergatik edo nola sortu den dantza bat edo beste..."

Gogoek axola dute, nahikeriak, partekatu nahi izanak...

Honela mintzatzen dena Maite Bengoa da, Eusko Indarra taldeko zuzendaria. Maitek azpimarratzen du dantzariak jakin behar duela "zer egiten duen dantzan ari denean, jakitea dantza horren eta soinean daramatzan jantzien jatorria, zergatik sortu zen eta zein duen zentzua". Maite hasiera-hasieratik da taldeko kide da aukera izan zuen Euskal Herrian izen handiko pertsona eta taldeekin ikasteko, hala nola Juan Antonio Urbeltz eta Argia taldearekin eta bertako beste batzuekin.

Aurretik hamarrak, berrogeiak edo berrogeitamarrak heldu ziren bezalaxe, 40ak heldu dira orain. Ez dira gutxi, eta heldu ere Covideko bi urte luzeren ondotik. Eta ez da aise izan han eta hemen bateko eta besteko elkarteentzat, tartean Diasporako dantza taldeentzat. Konpromisoak, barne indarrak eta transmititzen segitzeko asmoek jarraitzen dute. “Nik ez dut inor erretiratzen”, dio Maitek. "Nahi duenak zabalik gaitu. Ez dio inporta adinak, ezta jatorriak ere, ez dugu hemen abizenik eskatzen, gogoak baizik, nahikeria, parte izan nahi izatea. Euskal kultura maite duen orori ematen diogu ongi etorria, duela 40 urte, hasi ginenean bezala".

Zorionak eta urte askotarako, Eusko Indarra!

 

Dokumentuaren akzioak