Dokumentuaren akzioak
Momix dantza konpainiaren magia, Victoria Eugenian
Irudiak eta mugimenduak dira protagonista ikuskizun honetan; gaur eta bihar emango dute, 20:00etatik aurrera
Istorioak baino, ametsak kontatzen ditu ikuskizun honek eta irudiekin
batera, dantza mugimenduak dira nagusi. Dantza klasikoaren mugak
hausten dituen ikuskizun honek fantasia, sentsualitatea eta imajinazioa
erakusketan ditu. Sunflower Moon ikuskizunaren ardatzetako bat argia
da, eta argi nahasketa horiek fantasiazko mundu bat iradokitzen dute.
Moses Pendleton da ikuskizunaren koreografoa eta bere bizitzan
«ezinbestekoak» diren hiru elementuren konbinazioarekin osatu du
ikuskizuna: eguzkia, lorea eta ilargia. Bestalde, izenburua hitz-joko
batetik sortu du Pendletonek; alegia, ilargia eta ekiloreekiko
sentitzen duen maitasuna.
Dantzari taldea zuriz jantzita ageri da oholtza gainean, eta arintasun
itxura ematen dute, beren mugimenduekin. Hori da, hain zuzen ere, Momix
konpainiaren obren ezaugarrietako bat.
Argiari ez ezik, musikari garrantzi handia eman dio Pendletonek
ikuskizunean, eta Buddha Experience, Brian Eno, Waveform eta Hans
Zimmer artistekin musika banda osatu du.
1980an sortua
Sunflower Moon ikuskizuna 2004ean
estreinatu zuten Italian, eta bi urtez emanaldirik eskaini gabe egon
ondoren, Donostian aurkeztuko dute ikuskizuna. Ordu eta erdiko
ikuskizunak bi atal ditu: Sea of Tranquility eta Bay of Seething
izenekoak.
Momix konpainia 1980an sortu zuen Moses Pendleton koreografoak, izen
bereko obra Neguko Joko Olinpikoetarako konposatu eta gero. Obrari izen
hori jarri zion eta ondoren, dantza konpainia sortzea erabaki zuen.
Momix konpainiarekin lan egiteaz gain, Pendletonek koreografo eta
dantzari gisa lan egin du hainbat dantza konpainiatan. Telebista
saioetarako ikuskizunak ere prestatu ditu, eta sari ugari jaso.
Sarrerak antzokiko leihatilan eskura daitezke, 16, 22 eta 30 eurotan.
Lacarraren emanaldirako sarrerak agortuta
Victoria Eugeniako udazkeneko
denboraldiaren baitan, Lucia Lacarra dantzari zumaiarrak emanaldia
eskainiko du datorren azaroaren 17an eta 18an. Bi emanaldietarako
sarrera guztiak agortu egin dira dagoeneko. Lucia Lacarrak zortzi
koreografiaz osatutako programa aurkeztuko du, koreografia klasikoak,
neoklasikoak eta garaikideak uztartzen ditu ikuskizunak. Bereziki
Victoria Eugeniarako prestatu du Lacarrak.
Momix dantza konpainiaren magia, Victoria Eugenian
fitxa
Izenburua. Sun Flower Moon.
Taldea. Momix.
Lekua. Victoria Eugenia Antzokia.
Eguna. Urriak 16 eta 17.
Ordua. 20:00.
Prezioa. 16, 22 eta 30 euro.
Dokumentuaren akzioak