Dokumentuaren akzioak
Moldabia, Armenia eta Mexikoko dantzen ezagutza
Bihar hasi eta datorren uztailaren 19an burutuko da Gauargi jaialdia Ezpeletan. Munduko dantza tradizionalak gaztetxo taldeen bidez ezagutaraztea helburu duen jaialdia 1996an sortu zen Kanbon, eta, iaz, ekitaldiak Ezpeletan zentratzea erabaki zuten.
«Gure xedea 9 eta 15 urte artean dituzten nazioarteko eta EuskalHerriko gaztetxoak elkar topatzea da, eta betiere, kulturak ezagutarazi», argitu zuten antolatzaileek.
Aurten, izan ere, nazioartetik etorritako hiru dantza talde baizik ez dira egonen Ezpeletan: Moldabiatik Fantazie taldea, Armeniako Aravot Hayastan eta Mexikoko Tonalli Ambar. «Usaian, urtero kanpoko bost edo sei dantza talde etortzen zaizkigu. Baina, azken orduko bisa arazoak direla-eta, Senegal eta Sri Lankako taldeek ezin izan dute etorri. Bisak ukatuak izan zaizkie».
Egun bateko beranta
Euskal Herriko bost dantza talde izango dira aurten ere: Ezpeletako Ezpela taldea, Hendaiako Gurea, Irungo Eraiki, Ibarrako Alurr eta Eskiulako Eskuilarra taldea.
Eta, antolatzaileek jakinarazi dutenaren arabera, etorri ez diren Sri Lanka eta Senegalgo dantza taldeak ordezkatzeko, Errusiako Touva eskualdeko Sayzanak eta Serbiako Abrasevic Ezpeletako jaialdian egotea lortu dute. «Bisa igandera arte zuten, eta luzatuko zietela jakin dugu berrikitan», erran zuten. Aurten, beraz, berriz ere, berrehun bat haur jasoko dituzte Ezpeletan, eta, berrogeta hamar bat familiaren etxeetan jarriko dituzte. Astebetez, herrialde ezberdinetako ikuskizunak eskainiko dituzte jaialdian.
«Aldaketa horiek izan direla-eta, jaialdia bera egun bat berantago hastera behartuak izan gara. Uztailaren 14an (gaur) abiatzekotan ginen», gehitu zuten. Bihar, ostirala, Armeniako dantza taldeak kale desfilea eginen du.
Ondotik, arratseko zortzi eta erdietan dantza talde guztien aurkezpena eginen da. Dantza taldeekin batera, Pirinioetako jaialdian parte hartzen duen Keniako Toumba taldea egonen da ate irekitzean.
Ezpeletatik Donibane Garazira
A.B.
EZPELETA
Gauargi jaialdiak datorren asteartera arte iraunen du, eta egunez egun, nazioarteko herri eta Euskal Herriko eskualde ezberdinetako dantza motak ezagutzeko auke- ra izanen dute ikusleek. Jaialdia bihar goizeko hamaiketan abiatuko dute, eta bost egunez herri ezberdinetako dantza taldeak aldizkatuz joanen dira. Larunbatean, bezperako egitaraua errepikatuko dute.
Eta, igandean, berriz, goizean herriko karriketan musika nagusituko da, eta ondotik, arratsaldeko seietan, zirko eta musika ikuskizuna izanen da kaleetan gaindi. «Igandean, dantza taldeak inguruko herrietan azalduko dira», argitu zuten antolatzaileek.
Donibane Garazin
Moldabiako gaztetxoak Uztaritzen izango dira, eta Mexikarrak Donibane Garazin. Astelehenean, gaueko zortzi eta erdietan, ikuskizun nagusia Hazparnen eskainiko dute, eta bertan Mexikoko taldea egonen da.
Ordu berean, Ezpeletan, Moldabia, Armenia eta Eskiulako taldeak arituko dira. Jaialdia asteartean bukatuko da gaualdi handi batekin, Ezpeletan.
Dokumentuaren akzioak