Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Ez gaituzu nehoren integratzeko gai»

Dokumentuaren akzioak

«Ez gaituzu nehoren integratzeko gai»

'Buhameak, historiarik gabeko jendeak?' liburuan Garaziko buhameen historiako uretan murgiltzen da Lougarot. Oraingo eguneko buhameen lekukotasunen ur freskotik ere edatera emanez.
Egilea
Ainize Madariaga
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2021/09/25
Lotura
Berria

 

AINIZE MADARIAGA

 

 

Duzunaritze-Sarasketako (Nafarroa Beherea) Antxixarburua auzoko buhameez idatzi zuen kronika Jean Barbier apez garaztarrak, 1895ean. Baina ez zioten argitaratu 1970. urtera arte, Gure herria aldizkarian. Buhameak, historiarik gabeko jendeak? liburua (Gatuzain) karrikaratu berri du Nicole Lougarot (Gotaine-Irabarne, Zuberoa, 1963) ikerleak, zeinak baitakar Barbierren lan hura, euskaraz eta frantsesez. Kronikan agertu datuak artxiboetan egiaztatu ditu Lougarotek, buhameen historiaz oinarrizko informazioa ematen du, eta haien ondokoen lau lekukotasun ekarri.

Nondik duzu buhameekiko tira?

Duela hamalau urte Xiru festibalerako gaia lantzean ohartu ninduzun buhameen alimaleko sarekada bat izan zela Maulen 1802an.

Buhameen historia ekarri duzu.

Buhame, erromintxel, jitano, ijito, gypsies, zigeunere, ciganos: Europako talde guziek erro bera dizute: tzigano edo rom populua.

Erriberritik (Nafarroa) pasatu zen Egipto Ttipiko konde bat 1435ean.

XV. mendeaz geroztik daude buhameak Euskal Herrian. Nomadak izan baziren ere, XIX. mendean haboro sedentario egin ziren, bordetan eta. Euskal Herriko buhame guziak erro berekoak dituzu. Usu entzuten da pobreak baizik ez zirela, baina ez duzu egia: beste kultura, ofizio, usaia eta hizkuntza bat bazizuten. Ekialdeko Europako tzigano eta romek ber hitzak baliatzen dizkizute oraino. Gehienak moztaileak eta saski egileak ziren. Geroaren iragarleak ziren emazteak, horregatik preso sarturik izan dituzu, artxiboetan atzeman dizut. Enetako arazo handiena zen eskale zirela.

Zergatik egiten zaizu hori arazo?

Ez baita goxo nehor eskean jitea. Euskaldunendako ez duzu aise izan, beti eskean heldu baitziren, baina buhameek aitzinetik sekulako errepresioa pairatu izan dizute.

Trukerik ez?

Bai, baina truke bortxatua zen; onartu ezean, zioten: «Malur handi bat gertatuko zaizu». Egin-molde horrek taldea ezaugarritzen zizun. Garazin diote klase soziala baizik ez zela, baina harago doa. Buhame anitz bazen hor; alta, eskolan ez dizute aipatu ere egiten.

Horregatik ekarri dituzu oraingo eguneko lekukotasunak? 

Erakutsi nahi nizun buhameek badutela historia bat. Usu entzuten da «denak pixka bat buhame gara», baina ez duzu hala. Genealogian xerkatu behar da.

Zein dira deitura ezagunenak?

Etxeberri, Ezkoz, Larregain, Uharte, Agerre, Larralde....

Jean Barbier gazteak gizarte bazterketa erakutsi zuen kronikan: «Gaixo buhameak! Zoin itsuski belzten dituzten mihi gaixtoek!».

Ikerketa guti duzu. Barbierrek zinez lekuaren gainean zizun ikusi buhameen bizimodua, eta aski errespetuz deskribatu zizkizun.

Zertan da haien eskea orain?

Pobreziak berdin jarraitzen dizu, baina gorderik, ezin baita erakutsi pobre zarela. Norbaiti ematea baino, aiseago duzu elkarte bati eskaintzea. Buhameen ondorengoek jarraitzen dizute esklusio sozialean. Baina liburuaren xedea ez zen haien irudi hori ematea.

Zer erakutsi nahi duzu?

Enetako izan duzu arazo bat kanpotarrekin: ez gaituzu gai nehoren integratzeko. Asimilatu behar dizu bere identitatea galduz. Gehiengoak gutiengoari hori egiten dio beti.

Zer diozu maskaradetan agertzen den haien errepresentazioaz?

Erakusten dizute buhameak beti alfer, mozkor eta ebasle zirela. Ez dut haboro jasaten ahal. Euskaldun gisa kontzientzia hartu nahiko nikezu egunerokoan dagoen arrazismoaz. Funtsean, ez dizute ezagutzen haien historia. Hala ere, gauzak aldatzen ari dituzu, Altzürükün iaz, eta Barkoxen aurten, aldatu dizute.

Liburua ele biz atera duzu.

Bai, Barbierrek ere hala idatzi baitzuen. Eta Hegoaldekoek ere irakur dezaten. Dena den, originalaren bila ari nauzu, ikusteko zentsuratua izan ote zenetz Gure Herria-n.

Dokumentuaren akzioak