Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mintegi bat, haziak loratzeko

Dokumentuaren akzioak

Mintegi bat, haziak loratzeko

Gureak Egin sortu dute Iruñean: gazteentzako kultur transmisiorako eta sormenerako laborategi bat da, euskaraz. Datorren urriaren 15ean jarriko dute martxan. Aritz Ibañez dantzariak, Ion Celestino musikariak eta Oier Zuñiga aktoreak osatzen dute lantalde nagusia. Izena emateko epea zabalik da.
Egilea
Edurne Elizondo
Komunikabidea
Nafarroako Hitza
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2021/09/24
Lotura
Nafarroako Hitza

Mintegi bat, haziak loratzeko

Aitortu dute “urduritasun puntu bat” sentitzen dutela; non hasi bai, baina esperientziak nora eramanen dituen ez jakiteak eragiten diela urduritasun puntu hori; handiagoa da, halere, martxan jartzeko duten gogoa, bidean urratsak egiten hastekoa. Urriaren 15ean eginen dute lehendabizikoa, egun horretan hasiko baitute, Iruñean, Gureak Egin izenburuko mintegia. 15 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako kultur transmisiorako eta sormenerako laborategi bat da, euskaraz; Aritz Ibañez dantzaria eta Ion Celestino musikaria ditu —Oier Zuñiga aktorearekin batera—lantalde nagusiko arduradun. Eusko Kultur Fundazioak antolatu du, Iruñeko Udalaren babesarekin.

Martxoaren 8ko sokadantzaren egile Nerea Eugi eta Itxaso Martinez.

Gureak Egin ez da hutsetik sortu. Aritz Ibañezek azaldu du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskara ataletik garatutako bi

Iruinkokoa

proiektuk eragin dutela, neurri batean, Gureak Eginen sorrera ekarri duen bidea: batetik, D ereduko zenbait ikastetxetan jorratzen duten sormen digitalari buruzko ikasgaiak; eta, bertzetik, Musikariak ikastetxeetan izenburupean musikariak institutuetako geletara eraman dituen programak. Hezkuntza Departamentuko Euskara ataleko Alberto Barandiaran izan da Gureak Eginen atzean aritu den “xaxatzailea”.

Hirugarren helduleku nagusi bat izan du proiektuak: Iruinkoko libertimendua, hain zuzen ere. Inauterien bueltan sortutako egitasmo bat da Iruinkokoa; ez da inauteriena Gureak Egin proiektuaren testuingurua, baina Iruinkokoen zenbait elementu jaso ditu, mintegian parte hartuko duten gazteen esku jartzeko asmoz. “Iruinkokoan gertatzen den diziplinen arteko igurtzi edo talka hori hartu nahi izan dugu oinarri”, zehaztu du Aritz Ibañezek.

Albina Stardust ‘drag queen’-a

Izen ematea, zabalik

Musika, dantza, antzerkia; eta diziplina horien arteko nahasketak ekar dezakeena. Hori izanen du oinarri Gureak Egin programak. Urriaren 15ean jarriko dute martxan; izena emateko epea hil horren 13an amaituko da —Gureakegin.eus helbidean—. Mintegiak maiatzaren 27ra arte iraunen du, eta ostiraletan eginen dituzte saioak, 16:30etik 18:30era. Urritik abendura bitartekoak Juslarrotxako Civivox aretoan eginen dituzte; urtarrilekoak eta otsailekoak, Gazteriaren Etxean; eta martxotik maiatzera bitartekoak, azkenik, San Frantziskoko eskolan.

Parte hartuko duten gazteek zehaztuko dute, neurri handi batean, Gureak Egin laborategia zer izanen den: “Guk tresnak emanen dizkiegu, haiek sor dezaten. Iruñerriko gazte euskaldunek erabakiko dute beren burua nola adierazi nahi duten”, nabarmendu du Ion Celestinok. Tradizioaren eta kultura garaikidearen arteko hartu-emanean, herri kulturen oinarrian dagoen ideia jarri nahi dute erdigunean: plazan gertatzen den guztia dela eszenikoa. “Musika jotzen dugunean, aktore eta dantzari ere bagara, neurri batean”.

Oier Zuñiga aktorea, lantalde nagusiko kidea.

Mintegiak, finean, “euskaraz ariko den komunitate txiki bat” sortu nahi du. Euskara lanabes izanen dute, eta ez helburu. “Elkar ezagutuko dute euskaraz, eta euskaraz garatuko dute, natural, haien arteko harremana”.

Laborategiaren helburua praktikoa da, eta bilatzen du parte hartzaileen sormena garatzea, jasoko dutena abiapuntu izanda. Jasoko duten hori gazteentzat “ispilu” izan dadila nahi dute lantaldeko arduradunek. Tradizioa eta molde berriak lotzen dituzten zenbait proiektuk parte hartuko dute laborategian, eta haien ahotik jasoko dituzte gazteek egitasmo horien atzean dauden prozesuak. “Informazio horrekin zer egin gazteen esku egonen da”, zehaztu du Celestinok. Musikariak, baina, aitortu du nahiko lukeela Gureak Egin programa “legamia” bilakatzea. “Interesgarriena izanen da laborategiak hemendik bi edo hiru urtera zer emanen duen”.

Bisitariak

Ibañezek, Celestinok eta Zuñigak “bisitari talde bat” osatu dute, Gureak Egin laborategiko saioetan parte hartzeko. Haiek eginen dute Celestinok nabarmendutako “ispilu” lan hori. Proiektu askotarikoak dira bisitarionak, diziplina ezberdinetakoak: Oihan Indart (dantzaria); Albina Stardust (drag queen-a); Nerea Eugi eta Itxaso Martinez (Martxoaren 8ko sokadantzaren egileak); Iruinkokoa; Claudia Rodriguez, Lorena Aisa eta Idoia Tapia (musikariak); Habia (musika taldea); Jon Ander Urresti (antzerkigilea); Amaren Alabak (kantari taldea); eta Beñat Rodrigo (musikaria).

Amaren Alabak taldeko kantariak. Arg: Jon Odriozola.

Amaren Alabak taldeko kide da Ihitz Iriart. “Jakin-mina” sentitzen du, laborategiak eman dezakeenari buruz, eta “gogoz” da Iruñean eginen dituzten saioetan parte hartzeko. Izan ere, Iriartek garbi du Amaren Alabak taldeak guztiz egiten duela bat Gureak Egin mintegiko helburuekin eta egiteko moduekin. “Gurea transmisiotik sortutako talde bat da”, erran du. Sei emakume zuberotar dira taldeko kide: “11-12 urte genituen sortu zenean; hogei urte baino gehiago joan dira geroztik. Hasieratik jaso dugu euskal kultura ikastolan, etxean, dantza taldeetan, aritu garen koru txikietan, eta herrietako kulturgintzan”. Jasotako hori landu eta beren modura eman dute Amaren Alabek, hain zuzen, eta ematerakoan musika, dantza eta antzerkia batu dituzte.

Kideak zenbait arlotan ari dira taldetik kanpo ere, eta oholtzatik at egiten duten jarduera horretan ere ari dira “sortzen eta transmititzen”: “Taldean badira artxiboetan lan egiten dutenak, irakasleak, antzerkigintzaren esparrukoak”. Kulturgintzak oinarri dituen sortze eta zabaltze prozesu horietan “natural” murgildu dira kantariak, eta “ontzat” jo du Iriartek aukera hori.

Garbi utzi du Gureak Egin mintegian ez dutela asmo “leziorik” ematea. Beren esperientzia zabaldu nahi dute, transmisioan etenik gerta ez dadin. “Oinarri bat ematea da kontua, eta gero egin dezatela gazteek nahi dutena”, zehaztu du.

Idoia Tapia abeslaria eta aktorea. Garazi Velasko / Foku

“Ez da jarraipen hutsa”

Iriartek hagitz garrantzitsutzat jo du era askotako iritziek eta moduek bat egin izana Gureak Egin egitasmoaren barruan. “Badira sorkuntza, kultura eta transmisioa ikusteko modu ezberdinak, eta horrek bermatzen du, nire ustez, helburua dela aukera ezberdinak erakustea; asmoa ez dela dagoenaren jarraipen huts bat egitea”.

Kezka bat ere baduela onartu du Ihitz Iriartek, halere. “Ikusten dut badela mugimendu bat, gauza asko egiten ari direla Iruñean, baina laborategi bat egiteko beharra ikusten bada, transmisioa hust egiten ari delako da? Kezka txiki bat dut hor”, zehaztu du Amaren Alabak taldeko kideak.

Gureak Egin laborategiak lagundu nahi du, behintzat, transmisio hori; eta transmisioarekin batera, sorkuntza. Mintegi bat izan nahi dutela berretsi dute lantalde nagusiko arduradunek, haziak loratzeko. 15-18 adin tartea horregatik aukeratu dute. “Hazia jartzeko adin tarte emankorra delakoan”, Celestinoren hitzetan.

Gureak Egin taldeko kideak lanean hasteko prest dira. Sortzeko eta zabaltzeko prozesuetan murgiltzeko prest, modu praktiko batean. Eta onartu dute urduritasun puntu bat sentitzen dutela; non hasiko diren badakitelako, baina ez, ordea, bideak nora eramanen dituen. “Denborak esanen digu haziek zer fruitu emanen duten”, erran du Ibañezek.

Iriartek ere aipatu du bidea non amaituko den ez jakiteak berezi bilakatzen duela esperientzia. “Gerta daiteke espero ez dugun toki batera ailegatzea”, aipatu du. Eta hori da interesgarriena. Gureak Egin bidean eginen baita.

Goiko argazkia: Gureak Egin-eko lantaldeko Aritz Ibañez eta Ion Celestino. Iñigo Uriz / Foku

Dokumentuaren akzioak