Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mina dantzan

Dokumentuaren akzioak

Mina dantzan

Donostiako 67. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi-Tabakalera

'Les enfants d'Isadora' Zuzendaria: Damien Manivel. Aktoreak: Agathe Bonitzer, Manon Carpentier, Marika Rizzy, Elsa Wolliaston. Herrialdea: Frantzia - Hego Korea. Iraupena: 84 minutu.
Egilea
Uxue Arzelus
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2019/09/24
Lotura
Berria
Isadora Duncan dantzari ospetsuak bakarkako koreografia bat sortu zuen 1913. urtean, bere 4 eta 6 urteko haurrak Sena ibaian ito ondoren. Mother izeneko agur-dantza honek ama baten istorioa kontatzen du, haren haurra azken aldiz laztandu eta joaten uzten dion unean. Les enfants d'Isadora-k Duncanen piezarekin topatuko diren lau emakume erakusten dizkigu.

Hiru zatitan banatutako filma dakarkigu Damien Manivel frantsesak. Lehen zatian, protagonista dantzari gazte bat da, Isadora Duncanen hitzak irakurtzen dituen bitartean ezagutzen duguna. Haren estudioan dabil Mother pieza entseatzen, eta ia matematika dirudien partitura begiratuz ikusten dugu nola doan azaleratuz dantza. Bigarren zatia koreografo bat eta Downen sindromea duen dantzari gazte bat ditu protagonista. Neska gazteak Duncanen pieza interpretatuko du jendaurrean, eta entseguetan mugimendu bakoitzaren zergatia ulertzen saiatuko dira. Azken zatian, bigarreneko dantza emanaldian ikusle gisa zegoen emakume bati jarraituko diogu, eta konturatuko gara dantzak harentzat esanahi berezi bat duela.

Dantzari buruzko filma izan liteke Manivelena, eta hala da, baina hori baino gehiago da. Lau istorio kontatzen dizkigu zuzendariak: jarraitzen ditugun hiru koreografienak eta Isadora Duncanena. Filma bera dantza bat izango balitz bezala artikulatu du zuzendari gazteak, koreografoa bera izanik, eta ikusten dugun dena da dantza: Duncanen hitzak errepasatzen dituen hatza ari da dantzan, leihotik begira ari den gaztea ari da dantzan, baita makuluarekin oinez dabilen amona ere. Eta kamerak mugimendu horiek guztiei jarraitzen die, haiekin kulunkatzen da. Une arrazionalak ikusten ditugu, dena ulertzeko diren uneak, eta emozio hutsa diren uneen lekuko gara. Eta dantza arnasten duen pieza honek hunkitu egiten gaitu; Duncanen mina hezurretaraino heltzen zaigu.
<em>Les enfants d'Isadora</em> filmaren fotograma bat.
Les enfants d'Isadora filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA 

Dokumentuaren akzioak