Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Milatik gora dantzari ariko dira apirilean Dantzaren Hilabeteko ekitaldietan

Dokumentuaren akzioak

Milatik gora dantzari ariko dira apirilean Dantzaren Hilabeteko ekitaldietan

Maria Teresa Fagoaga dantza irakasleak eta Asier Edeso dantzariak Gipuzkoako Dantza Sariak jasoko dituzte

Egilea
Ainhoa Sarasola
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2011/04/05
Lotura
Berria

Gipuzkoako dantza eskoletako 200 bat ikaslek ekingo diote Dantzaren Hilabeteari, heldu den igande eguerdian Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean emango duten erakustaldiarekin. Urtean zehar egindako lanaren lekuko, hemeretzi koreografia aurkeztuko dituzte, askotariko dantza estiloetakoak, ballet klasikoenetik joera modernoenetara.

Donostiako udaletxeko terrazan arituko dira dantzariak hilaren 16an, larunbat arratsaldez, bosgarren urtez Dantza kalean ikuskizuna eskaintzeko. Dantza garaikidea, jazza eta funka uztartzen dituzten koreografiak emango dituzte ikasleek.

Hala ere, dantzari gehien bilduko duen ekitaldia hurrengo egunean izango da: barra klasikoaren erakustaldi bat egingo dute hilaren 17an. 1997tik barra gisa Kontxako baranda erabili izan dute, baina, berritze lanak direla eta, Urumea ibaiaren bokaleko bi ertzetan bilduko dira dantzariak ikuskizunerako, iaz egin bezala. Aurreko urteetako esperientzia kontuan hartuta, 800 bat dantzari izango direla espero dute antolatzaileek. Bi txandatan banatuko dituzte: 9 eta 12 urte bitartekoak lehenik, eta adin horretatik gorakoak ondoren.

Ikuskizunez gain, dantza ikastaroak ere izango dira, Artelekun, hilaren 26tik 30ra. Ana Gonzalez irakasleak dantza klasikokoa emango du, Myriam Agarrek dantza garaikidekoa, eta Fernando Lazarok, berriz, jazz dantzakoa. Hasteko ikastaroa nahiz maila aurreratuagokoa emango dituzte hirurek.

Sari banaketa eta gala

Dantza Sarien banaketa izango da beste ekitaldi garrantzitsu bat. Hilaren 30ean egingo dute, Donostiako Antzoki Zaharrean. Errebelazio saria jasoko du Asier Edesok, Monte Carlo Balleteko dantzariak (Donostia, 1986), eta Dedikazio saria, berriz, Maria Teresa Fagoaga dantza irakasleak.

Hurrengo egunean, maiatzaren lehenean, XV. Dantzaren Nazioarteko Eguneko Gala izango da Viktoria Eugenia antzokian. Asier Edeso bera, Biarritz Balleta, Santamaria eta Dantzaz konpainiak eta Aukeran, Kukai, Verdini zein Acroindar taldeak ariko dira ekitaldian, baita Jordi Ros dantzari katalana eta Allister Madin Parisko Operako Balleteko dantzari bakarlaria ere. 19:30ean hasiko da ekitaldia, eta sarrerak salgai daude dagoeneko.

Asier Edesok (lehena ezkerretik) jasoko du Errebelazio saria. Irudian, Monte Carlo Balleteko bere kideekin, Olivier Luzea eta Asier Uriagereka dantzariekin, iazko Musika Hamabostaldian, Donostian. / JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak