Dokumentuaren akzioak
Mikrodantzak eta antzerkiak ireki dute P6 gunea
P6 guneak publikoari ateak zabaldu dizkio, Bilboko
Aste Nagusian ikusleei ekarpen bat egin nahian. Deustuko Erribera auzoan
dago, eta dantza zein antzerki lanak plazaratzea du helburu.
Astelehenean izan ziren lehen emanaldiak, In Situ mikrodantza eta Cantando bajo las balas
(Bala artean kantari) antzerkia, hain zuzen. Estreinaldiak harrera ona
izan zuen, 100 lagun inguru bildu baitziren, eta txalo zaparradarekin
agurtu zituzten dantzari eta aktoreak.
Dena txukun eta dotore
jarrita zeukaten P6 gunean, lehenengo aldiz ikusleak hartzeko. 20:30ean
zen hastekoa lehen emanaldia; aretoa, ordea, lehenago bete zen. Matxalen
Bilbao eta Blanca Arrietaren eskutik hasi zen ikuskizuna, mikrodantza
erakustaldiarekin.
Dantzak giroa berotu ostean hasi zen Cantando bajo las balas,
antzezlana; Adolfo Fernandezek antzeztua eta Mariano Marinek
pianoarekin lagunduta. Frankismoko lehen ekitaldi ofizialaren kronika
egiten du Fernandezek, eta umorea zein ironia tartekatzen ditu esaldi
bakoitzean .
Lan horiek egunero ikusi ahal izango dira Aste Nagusian. Izarren bitakora eta Stereo ikuskizunak ere ikusgai izango dira, besteak beste.
In Situ mikro-dantza ikuskizuna. / LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Dokumentuaren akzioak