Dokumentuaren akzioak
Mikel Sarriegik larunbatean aurkeztuko du Igartzan dantza-maisuei buruzko liburua
Mikel Sarriegi Elgoibarko mintegi batean, aurtengo azaroaren 18an. 2023-11-18. // Argazkia: Josu Garate (Dantzan)
Mikel Sarriegi Etxezarretak (Beasain, 1965) larunbatean aurkeztuko du Beasaingo Igartzako jauregian Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordetza ezkutua liburua. Ekitaldia 11:00etan hasiko da, eta ordubete inguru iraungo du. Jauregiko aforoa mugatua denez, ez dute bertan parte hartzeko deialdi publikorik egin. Hainbat dantzarik eta gonbidatuk parte hartuko dute aurkezpenean.
Liburua Durango Azokarako argitaratu bazuten ere, larunbatekoa izango da lehen aurkezpen publikoa. Gerora herri gehiagotara joateko asmoa baduela iragarri du egileak.
Goierriko eta Gipuzkoako dantza-sistema aztertu du, Juan Inazio Iztueta (Zaldibia, 1767-Zaldibia, 1845) dantza-maisuaren oinordetza ezezaguna. Gipuzkoako dantzen puntuak xehe-xehe aztertzen dituen mila orrialdeko tratatua da, Iztuetak Gipuzkoako dantzei buruzkoa –Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira…– idatzi zuenetik (1824) 200 urtera.
Argitalpena Aranzadi zientzia elkartearen babesaz, Aurtzaka dantza taldearen eta Dantzan elkartearen laguntzaz, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Beasaingo, Ordiziako, Donostiako, Zumarragako, Zaldibiako, Oñatiko eta Segurako udalen diru-laguntzari esker kaleratuko da.
Egileak GoiBerri aldizkariak kaleratutako Dantza, errora erreportajean aletu ditu mila orrialde eta 600 argazki pasatxo dituen liburuaren nondik norakoak.
Dokumentuaren akzioak