Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mikel Arreseren bitartez, omenaldia dantzari zaharrei

Dokumentuaren akzioak

Mikel Arreseren bitartez, omenaldia dantzari zaharrei

Egilea
Rufino Iraola
Komunikabidea
Diario Vasco
Mota
Albistea
Data
2009/10/21
Zaldibian, dantzari guztien buru den Iztuetaren herrian, talde asko izan da historian zehar. Bestela, Iztueta handiak ez zigukeen erraz barkatuko, jakinik zer-nolako su-garra zuen barruan, ohitura eta tradizio zaharren alde egiteko. Beraz, katea luzatu dugu, eta luzapen horretan Mikel Arrese oso pieza garrantzitsua izan da. Bizitza osoan izan da dantzari, eta irakasle ere bai urte luzeetan. Labur emango ditugu Mikelen datuak. Goiko Ermentari etxean jaio zen. Guk ermentaritzan eta bizikletarekin arrain saltzen ezagutu genuen. Baina, baserriarekin batera, akabatu ziren ermentaritzako lanak ere, eta Ordizian arrain-denda ipini zuen. Hortxe egin du lan erretiratu arte guztian. Ordiziara joan bai, baina, egunik huts egin gabe, arratsaldero etortzen da Zaldibiara.
Oso zaila da dantzari zahar guztien izenak gogoratzea, hala ere baditugu egun jakin batean bildutakoen izenak. 1945eko urriaren 7an, duela 64 urte, gertatu zen hori. Iztuetari omenaldia egin zitzaion, eta dantzari hauek hartu zuten parte: Martin eta Jose Erauskin, Joakin Salaberria, Matias eta Jose Anjel Mendizabal, Pedro Jauregi, Antonio Imaz, Bizente Zubeldia, Iñaki Arrese eta Mikel Arrese bera. Ordiziako Jose Sarasolak zuzentzen zuen taldea.
Egun horretakoekin batera, dantzari zaharragoei ere eskaini nahi die Zaldibiak omenaldia. Aipa ditzagun zahar horien izen batzuk: Lorentxo eta Inaxio Irastorza, Lorentxo Sukia, Santio Izagirre, Julian eta Joxe Arrese, Segundo, Ramon eta Anjeles Aguirrezabala, Felipe Erauski, Anjel Imaz, Jaime Zubeldia, etab. Izen asko gelditu dira isilpean. Jaso bitzate, ordea, horiek ere Zaldibiako herriaren onginahia eta gorazarrea.
Orain, amaitzeko, eman dezagun dantzari arduradunen katea nola osatua egon zen aspaldiko garai haietan: Iztuetaren ostean, Jose Antonio Olano etorri zen; eta gero, Jose Lorentzo Pujana (1868-1947).

Dokumentuaren akzioak