Dokumentuaren akzioak
Migel Sagasetak urrezko domina eta omena jasoko ditu irailaren 15ean
Martxoak 10ean, Murgian (Araba), EHTEaren Batzar Orokorrean, aho batez onartu zen Migel Anjel Sagasetari urrezko domina ematea, Behe Nafarroako folklorea biltzen egin lan ezinbestekoa eskertzeko xedez. Domina, elkarteak eskaintzen duen aitorpen gorena da. Aita Migelen ekimenik gabe, egun plazetan dantzatzen diren jauzi asko, galduak lirateke.
Irailaren 15erako EHTEk, Urdiainen jarri du zita, Aita Migeli merezitako omena emateko. Eguna, goizeko kalejirarekin hasiko da, horretarako Udaletxe plazan elkartuko dira parte hartzaileak 10:30ean. Ondoren, 11:20ean harrera egingo zaio Migel Anjel Sagasetari herriko sarreran. Bertatik segizioa Udaletxeraino hurbilduko da, agintarien harrerari bide emateko.
Ekitaldi nagusia 12etan helduko da, Udaletxean bertan EHTEren urrezko domina ezarriko baitzaio Sagasetari. Jarraian, ordu batak direnean, herriko plazan txistulariek kontzertua emango dute. Bertan entzun ahal izango dira Aita Migelek jasotako jauzi eta dantza doinuak.
Bukatzeko, bazkaria izango da herriko frontoian 14:30ean. Bertan parte hartzeko, irailaren 1a baino arinago eman beharko da izena, horretarako elkartearen kontu zenbakian 25€ (bazkariaren prezioa) sartuz eta izen abizenak adieraziz.
Hurrengo egunetan zehazten joango gara bai web-gune honen bitartez eta baita bazkideei igorritako e-mailen bidez, egunaren inguruan jakin beharreko guztiak.
Ekitaldion antolakuntzan EHTEk Urdiaingo Udalaren laguntza izan du.
Dokumentuaren akzioak