Dokumentuaren akzioak
MERCEDES PEDROCHE KOREOGRAFOA SORKUNTZA EGONALDIA EGITEN ARI DA LA FAKTORIAN
Lantzen ari den obra jendaurrean erakutsiko du datorren astean.
Mercedes Pedroche dantzari eta koreografoa artista independenteentzako lan-egoitza egiten ari da La Faktoria Choreographic Center-en abuztuaren 19ra bitartean, Terrario [La tierna indiferencia del mundo] lana lantzeko. Dantza garaikidea eta antzerki fisikoa lotzen ditu obrak, Pedrochek berak zuzendua eta koreografiatua. Obra "latza, gordina eta basatia" dela azaldu dute, eta "beste izateekiko topaketa, artaldekeria eta gizarte-testuinguruaren aurrean erakusten dugun axolagabekeriaren ingurukoa da".
Honela deskribatu dute lanaren nondik norakoa: "Sei arrotz, aberrigabeak, sarrerako eta irteerako aterik gabeko espazio ezezagun batean daude. Ez dakite zenbat denbora daramaten bertan. Ez dakite nondik datozen, ezta nora doazen ere. Eta, batez ere, ez dute besteak epaitzeko araurik edo jarraibiderik. Beren desorientazioarekin eta nahasmenduarekin bizi behar dute, nahitaez. Haien erreferentzia bakarra espazioaren hondoan altxatzen den horma bat da, eta, horren atzean, beraiek abandonatu dituen norbaiten edo zerbaiten existentzia sumatzen dutela uste dute. Hezigabeak eta basati bihurtuak, gizartearekiko gizalegerik gabe, beren arma nagusia eromena da".
Sorkuntza prozesua abuztuaren 18an, osteguna, erakutsiko dute, 19:00etan, La Faktoriako 1. estudioan. Saioak ordubeteko iraupena izango du eta sarrera librea izango da.
Dokumentuaren akzioak