Dokumentuaren akzioak
'Menta in Iurmain', dantza eta antzerkia loturik Fundicionen
Urtarrilaren 20 eta 21ean eskainiko du Las Santas Kataluniako konpainiak, denboraldia estreinatuz
Rafael Ponce da da lanaren egile eta zuzendaria: «Modernitateari buruzko begirada da, modernitateak bost axola digula esateko», dio obraren inguruan. Nola edo hala itxaropena mantentzen duten bi pertsonen istorioa da Menta In Iurmain: «Zerutik erortzen diren bi gorputz dira. Berehala jaiki eta zerbait egin beharraren-beharrez erritmo bizian murgilduko diren bi gorputz».
KREPSKO TXEKIARRAK, OTSAILEAN. Ez da urtarrilean La Fundicionek jasoko duen ikuskizun bakarra. Daniel Abreu eta Monica Garcia madrildarrek (Espainia) Minimos eta Se me escapa entre los dedos dantza ikuskizunak eskainiko dituzte urtarrilaren 27 eta 28an.
Otsailaren 3 eta 4an Melodrama antzezlana taularatuko dute Marta Galan eta Santiago Maravilla antzezle kataluniarrek.
Pragako (Txekia) Krepsko antzerki taldea Fragile lanarekin etorriko da otsailaren 10 eta 11n. Tennessee Willimasek idatzitako Glass Menagerie obrako Laura pertsonaiaren azterketa mikroskopikoa da Fragile. Linnea Happonen da antzezle eta zuzendaria.
Blanca Arrieta dantzari bilbotarraren Efecto mariposa ikuskizunarekin amaituko da otsaileko egitaraua La Fundicionen, hilaren 17 eta 18an. 2006an taularatu zuen aurrenekoz Efecto mariposa. Zazpi minutuko iraupena zuen orduan. Orduz geroztik emanaldi bakoitzeko eraldatzen eta garatzen joan da ikuskizuna.
Martxoan hiru ikuskizun izango dira: Bartzelonako Pez en Rayaren Hot Burrito antzezlan komikoa, martxoaren 3 eta 4an; Juan Dominguez eta Amalia Fernandez dantzarien Shichimi Togarashi martxoaren 10 eta 11n, eta Fernando Renjifo madrildarraren (Espainia) Homo politicus, martxoaren 24ean eta 25ean.
Dokumentuaren akzioak