Dokumentuaren akzioak
Mendizale beteranoek dantza egingo dute Iruñeako sanferminetan
Goierriko Mendizale Beteranoak lasaiago hartuko dute eta hiru etapatan egingo dute 63 kilometroko zeharkaldia. Igandean, goizean goiz, 06:00etan, Ordiziako Frai Andresen estatuatik abiatuko dira Zaldibiarantz. 36 kilometroko etapa izango dute lehenengoa: Iztuetaren etxetik gora Akapulko aldera joango dira. Ur deposituetatik barrena Oiduira joango dira, eta handik, Enirio, Igartza, Guardetxe eta San Migeletik Madotzera (Nafarroa) iritsiko dira.
Asteleheneko bigarren etapa laburragoa izango dute, 23 kilometrokoa: Madoztik Berriozarrera (Nafarroa) joango dira, Irurtzundik eta Saratsate, Saratsa herri inguruetatik, errepide zaharraren paralelo doan mendi bidean barrena.
San Fermin egunean, hilaren 7an, kalez iritsiko dira Berriozartik Iruñeara, dantzariz jantzita.
San Fermin egunean dantza
Hiru eguneko zeharkaldiaren ondoren, San Fermin egunean, hilaren 7an, prozesioaren aurretik, 09:00etan, Iruñeako udaletxeko plazan dute dantzarako hitzordua.
Mendizaleak dantzari bihurtuko dira goiz batez. Jexuxmari Garate dantzari goierritarrarekin hiru hilabetean Gipuzkoako sokadantzaren pausoak ikasi dituzte eta 15-17 bat dantzarik egingo dute dantza, Mikel Sarriegi eta Mikel Apaolaza beasaindar dantzariak lagun dituztela. Zeharkaldia egingo duten mendizaleak gehiago izango dira, 40 bat. Etxarrin (Nafarroa) bazkaldu eta etxera itzuliko dira.
Dokumentuaren akzioak