Herriko alkateak mahai gainean dantza egiteagatik ardoa eskaintzen die herritarrei, eta nahiz eta lehen gaueko 12etan udaletxe barruan dantzatzen zen Mahaigainekoa, frankismo garaian ohitura hau galdu eta berriro berreskuratu zutenean eguerdira aldatu zuten.
90 urtetik gorakoei omenaldia egin diote ondoren. Sabin Uskola eta Bitoria Aboitiz izan dira aurtengo omenduak eta beraien senideek jazo dituzte opari emandako lore sortak. Bertso poteoan aritu dira Xabat Galletebeitia eta Miren Amuriza bertsotan. Giro ezin aproposagoarekin, bazkal ordura arte luzatu dute goiza mendexarrek.
Umeen txapelketek hartuko dute erdigunea arratsaldean kross, txapel jaurtiketa eta irrintzi lehiaketekin. Ostean txokolatada ederraz gozatzeko aukera izango dute etxeko txikienek. Afalordurako sardinak, gazta eta sagardoa prestatuko dituzte, Eingo animazio taldeak girotuta. Egunari amaiera biribila emateko Play-back txapelketa izango dute. Parte hartu nahi duenak txosnan eman beharko du izena 20:00etatik 21:00ak bitartean.