Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Meatzarien sufrimendua dakar Bilbora Cristina Hoyos dantzari flamenkoak

Dokumentuaren akzioak

Meatzarien sufrimendua dakar Bilbora Cristina Hoyos dantzari flamenkoak

‘Tierra adentro’ ikuskizuna gaurtik igandera eskainiko dute

Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2003/01/08

Off-ean dagoen ahots batek eskutitz bat irakurtzen du. Horrela hasten da meatzaritzatik bizi den herri baten sufrimenduak, mina eta bizitza islatzen dituen Cristina Hoyosen azken obra. Dantza flamenkoa eta antzerkia uztartzen ditu Tierra adentro ikuskizunak. Juan Cobosen El corazon de la tierra liburuan oinarrituta, Huelvako Rio Tinto herriko meatzarien arazoak kontatzen dira, dantza eta meatzaritza kantuen bidez.



«Sufrimendu eta minaren gainetik bizitzak jarraitzen du», hauxe da Cristina Hoyosek obra horren bidez igorri nahi izan duen mezua. Flamenko dantzariaren baletak Bilboko Arriaga antzokian aurkeztuko du obra, gaurtik igandera bitartean. Dantza eta kantuei lagunduz entzungo den musika tresna bakarra gitarra flamenkoa izango da.



14 dantzarik, hiru kantarik eta hiru gitarristak interpretatuko dute obra taula gainean. Cristina Hoyosekin batera, dantzari hauek egongo dira: El Junco, Carmen Lozano, Franco Martin eta Cristina Gallego, besteak beste. Kantariak, aldiz, David Palomar, David Sanchez eta Mercedes Cortes izango dira. Jose Luis Rodriguez, Paco Iglesias eta Antonio Sousa gitarra jotzen ariko dira. Koreografiaren arduraduna Hoyos bera izan da; eszenografia zuzendaria, berriz, Jose Luis Castro.



«Modernoa, desberdina eta berritzailea»



Lehenengo aldiz egin du Sevillako dantzariak argumentua duen obra bat. «Meatzariei omenaldia egin nahi nien obra honen bidez», azaldu zuen. Hoyos beti saiatzen da bere koreografietan elementu berritzaileak sartzen, eta oraingoan haratago joan nahi izan du, «zerbait modernoa eta desberdina egiten, topikoetatik ihes eginez» .



Cristina Hoyosek bizitzaren zati handi bat dantzan pasatu du, eta hainbat filmetan ere hartu du parte: Bodas de sangre, Carmen, El amor brujo eta Juncal, besteak beste. Hala ere, flamenkoari buruzko filmak ez direla oso lehiakorrak uste du Hoyosek; ondorioz, produktore gutxi arriskatzen dira.



2002. urtean Tierra adentro obra estreinatu zenetik, Cristina Hoyosen baleta hiri askotatik pasatu da. Bartzelona, Salamanca, Sevilla eta Parisen interpretatu dute Tierra adentro, besteak beste. Irailaren 3tik 6ra bitartean egin zen Sevillako XII. Flamenkoaren Biurtekoan ere hartu zuten parte.



Ez da Bilbon amaituko dantzari horien ibilbidea. Otsailaren 7tik martxoaren 11 bitartean egingo den Jerezko VII. Flamenko jaialdian egongo dira. Tierra adentro obrarekin hasiera emango dio Cristina Hoyosen baletak jaialdiari.

Dokumentuaren akzioak