Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok astearte honetan iragarri duenez, Mayumana Principal Antzokian izango da Gasteizko jaien atarian; zehazki, sei emanaldi eskainiko ditu hiru egunetan: uztailaren 29an, 30ean eta 31n; saio bikoitzak izango dira, 19:00etan eta 21:30ean.
Horrela, gasteiztarrek konpainia israeldarraren perkusio, dantza eta antzerki fisikoarekin gozatu ahal izango dute azkenean, razio bikoitzarekin gainera. Izan ere, abendurako programatutako saioetarako sarrerak oso azkar agortu ziren. Udalak erositako sarrerak itzuli zituen, eta herritar guztiek —abendurako sarrerak lortu zituztenek barne— berriro erosi beharko dituzte; hala ere, oraingoz ez dago salmentaren inguruko xehetasun gehiagorik.
Currents ikuskizuna
Jerusalemgo Argiaren Jaialdirako sortu zen Currents ikuskizuna, eta bi enpresaburu eta sortzaileren arteko ika-mika historikoan inspiratzen da: batetik, Thomas Alva Edison, korronte zuzenaren sortzailea; bestetik, Nikola Tesla, gaur arte erabili izan den korronte alternoaren sortzailea. Istorioaren ardatza den perkusioari soinu elektronikoak gehitu dizkio konpainiak, ikuskizuna nabarmen aberastuz.
XIX. mendearen bukaerako Korronteen Guduan oinarrituta, dantza eta perkusio hutsez, elkarren aurkako bi sektoreren bidaia izango dugu agertokian; bi estetika artistiko desberdin, argi eta soinu propioak dituzten bi aldeen arteko eztabaida. "Erritmoa, dantza, argiak, musika eta umorea uztartzen dituen koktela da ikuskizuna, ikus-entzunezko esperientzia aparta", azaldu du Udalak.