Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mauriziaren indarra dantzara ekarrita

Dokumentuaren akzioak

Mauriziaren indarra dantzara ekarrita

Edu Muruamendiaraz bergararrak zuzentzen duen Aukeran dantza konpainiak Maurizia izeneko ikuskizuna taularatuko du bihar, zapatua, 20:30ean Udal Pilotalekuan. Arrakasta handia izaten ari den emanaldia doan ikusteko aukera izango da sanmartinetan.
Egilea
Maite Txintxurreta
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Bergara
Mota
Albistea
Data
2017/09/08
Lotura
Goiena

San Martin jaietako egitarauaren baitan, ikuskizun berezia izango da bihar, hilak 9, Udal Pilotalekuan. 20:30ean, Edu Muruamendiaraz bergararrak zuzentzen duen Aukera dantza talde entzutetsuak Maurizia obra eskainiko du.

Maurizia Aldeiturriaga pandero jole zeberioztarrarengandik  dator emanaldiaren izena. Hain zuzen, bera izan da inspirazio iturri: "Euskal Herrian ikono bihurtu da Maurizia, eta bera oinarri hartuta, emakume guztiei omenaldi txiki bat egin nahi izan diegu". Zuzendariaren iritziz, Aldeiturriagak balore edo ezaugarri ugari betetzen ditu: "Langilea, ama, egiten zuenagatik pasioa, guda bat pasatu izana... Mauriziak guztiak betetzen zituen".  

Bada, panderoak presentzia garrantzitsua du Aukeraren emanaldian, eta hori taldearendako erronka bat izan da, Muruamendiarazek dioenez: "Lehenbizi panderoa jotzen ikasi behar izan genuen, eta ondoren bere musikarekin dantza egiten".

Hala, lana suposatu duen arren, emaitza polita dela uste du, eta dio behin edo behin esan diotela "bazela ordua" panderoari daukan garrantzia aitortzeko. "Panderoak esanahi desberdinak izan ditzake. Ez da musika instrumentu bat soilik, istorio guztian zehar badu bere garrantzia".

Beti bezala, jantziek eta estetikak ere garrantzia handia daukate Aukeranen emanaldi honetan ere, eta euskal jantzi tradizionalak izango dira protagonista, beti ere ikuskizunari egokitutako ezaugarriekin.

Ikuskizun arrakastatsua

Muruamendiarazendako "berezia" omen da beti norbere herrian ikuskizuna eskaintzea, eta are gehiago, Maurizia izaten ari den arrakastarekin.

2016ko Loraldia festibalean estreinatu zuten, eta bertan "sekulako arrakasta" izan zuela dio zuzendariak: "Hamar minutuko txalo zaparrada eskaini ziguten". Geroztik, hamar bat emanaldi egin dituzte, guztiak ere arrakastatsuak.

Hala, Bergarakoaren ostean beste zortzi bat emanaldi ere emango dituzte. Beraz, "oso pozik" omen daude, emanaldi dezente izaten ari direlako, eta, gainera, "lehenago sartzen ez ginen tokietara iristea" lortu dutelako. Aurten, gainera, Aukeran konpainia bere 20. urteurrena ospatzen ari da, eta horren bueltan emanaldi berezi bat prestatzen ere badabiltza. 
Zuzendariak herritarrak gonbidatu ditu ikuskizunera gerturatu daitezen.

Dokumentuaren akzioak