Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maulera bidean da «Belako zaldüna»

Dokumentuaren akzioak

Maulera bidean da «Belako zaldüna»

Hamalau urteren ostean, pastoral berria hartuko du Maule-Lextarrek igande honetan eta hurrenean. Jean Bordaxar-ek idatzitako testuak Jean-Philippe de Bela, Belako zaldüna goitizenez ezagun egingo zen mauletarra, oroituko du. XVIII. mendean errege frantsesaren zerbitzura aritu zen eta idazle gisa «L’Historie des basques» eta frantsesa-euskara hiztegia argitaratu zituen, besteak beste. «Belako zaldüna» 15.30ean hasita emango dute, errugbi zelaian.
Egilea
Amalur Artola
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Maule-Lextarre
Mota
Albistea
Data
2018/07/26
Lotura
Naiz

XVIII. mendean bizi izan zen Maule-Lextarreko seme baten bizia oholtzaratuko du “Belako zaldüna” pastoralak, igande honetan eta hurrenean. «Jean-Philippe de Bela Maulen sortua zen, gazterik joan zen Luis XV.aren armadara eta handik papera hartuko du Europan ziren gerra zenbaitetan: Poloniako eta Austriako ondoretza gerretan. Gudaburu zebilela, Chasseurs basques izeneko euskal gudarien erregimentua ere sortu zuen eta gero etorri zen Zuberoarat», kontatu du Jean Bordaxar testuaren idazleak.

Errege frantsesaren zerbitzura aritu bazen ere, euskal jendea gogoan zuela nabarmendu du Bordaxarrek, horren lekuko sorterrira itzuli eta idatzi zituen liburu guztien artean euskarazko zenbait ere badaudela. «Literaturako gizona zen, gizon argia, idatzi zituen gauza asko», tartean bere militar memoriak, Biblioteka Nazional frantsesean dagoen “L’Histoire des basques” eta frantsesa-euskara hiztegia. «Herri gizona izan zen, gauza asko egin zituen eta bere ondasunak utzi zizkion bukaeran Mauleri», zehaztu du.

Pastoralean, gertaera historikoak berregin eta Belako zaldünaren bizitza gogora ekarri nahi izan du egileak. «Nik horrela maite dut pastoralak idaztea, publikoari ekarri nahi diot zerbait historia mailakoa eta aldi berean euskalduna dena, gure historiako pasartea, eta mauletar baten historia kontatu nahi nuen», azaldu du.

Pastoralak 22 jelkaldi izango ditu eta kantuak eta dantza ere izango dira. «Ikusgarrian nobedadea izango da, ez baita kantu zaharrik izango, berriak baizik. Hori egin dut nahita, nahi bainuen dena idatzi. Publikoak maite du kantua», ziurtatu du. Orotara, hamabi kantu berri eta hiru dantza saio izango dira pastoralaren baitan.

Hirugarren pastorala du Bordaxarrek, aurretik idatziak baititu 2011n Larrainen eman zen “Telesforo de Monzon” eta 2012an Arrokiagak hartu zuen “Jose Mendiague”. Horiekin alderatuta, estilo aldetik bigarrenari lotuagoa dela aipatu du Bordaxarrek. «Estiloan agian antzekoagoa da, sujetak leku handia hartzen baitu. Pastorala hiru ordukoa da, ez da luze, eta dinamikoa ere bada. Momentuak fite pasatzen dira, zeren eta dinamika bat atxikitzen dugu pastoral horretan eta hori publikoak ikusiko du igandean», ziurtatu du Bordaxarrek.

Oholtzako protagonistak

Orotara 108 antzezle igoko dira oholtzara, eta sujet edo pertsonaia nagusiaren rola Arño Laphitzek jokatuko du. Emankizunak Belako zaldünaren bizitza oroitaraziko duenez, Pette Ligueix izango da zaldun gaztea eta gainerako paper nagusietan ariko dira Aurelie Intxaztoitxipi (emaztea), Isabelle Etxeto (ama), Joseba Garai (aita), Jojo Malharin (Luis XV.a) eta Kaiet Borda (Prusiako Federiko II.a). Azken biak “Antso Handia” (2004) eta “Petti Buhame” (2014) pastoraletako sujetak izan ziren, hurrenez hurren. Mixel Etxebest, Maule-Lextarreko auzapeza ere igoko da oholtzara, Charles-Alexandre de Lorraineren rola jokatuko baitu. Historiaren laburpena egiten duen perediku emailea Elise Axigar izango da, eta txandakatzea emango da azken peredikuaren kasuan: igande honetan Mixel Iturria eta Cedric Zamalbide ariko dira, eta agorrilaren 5eko emanaldian, aldiz, Fabienne Borda, Maite Davant eta Maia Etxart.

Hamalau urte badira Maulek ez zuela pastoralik hartzen, eta herrian ikusmira badela azpimarratu du Bordaxarrek. «2004az geroztik ez dugu pastoralik egin eta Maulerentzako gauza ona da, bai hizkuntzarentzako, kultur sail eta harremanetarako ere. Pastoral bat denerako da ona herri batean eta ziur naiz momentu goxo bat pasatuko dugula denek».

0726_kul_pastorala

Dokumentuaren akzioak