Matxalen Bilbao dantzariak Serenity Suite piezaren entsegu irekia egingo du gaur, hilak 13, Victoria Eugenia Antzokian, 19:00etan hasita.
“Dantza Garaikidea zer den ba al dakizu? Dantzari profesionalek nola entsaiatzen duten ikusi duzu inoiz? Koreografoak eszenatokian nola sortzen duen ikusi nahi duzu? Dantzaren munduari buruz ikasi nahi zenuke?”
Kuriositate hori baldin baduzue Serenity Suite lan koreografikoaren entsegu irekia ikustera joan zaitezkete gaur, Matxalen Bilbaoren eskutik erakutsiko dena. Hitzordu horretan, Serenity Suite dantza piezaren 15 minutuko zati bat irudikatuko da, eta emanaldiaren ostean dantzariak ikusleekin partekatuko ditu piezaren sorkuntza prozesuaren zenbait gako. Une horretan dantzaren lengoaia aztertzeko eta solasaldirako tartea izango da.
Matxalen Bilbaoren Serenity Suite koreografiak hainbat itaun planteatzen ditu: Norainoko iraupena du gorputz batek? Zertan datza gorputzaren edertasuna? Zein da bere biziko grina ateak irekitzeko eta jarduna aurrera ateratzeko behar beharrezkoa dena?
Natalia García dantzari gazteak eta eskarmentu handiko Matxalen Bilbaok taularatzen dute emankizun hori. Nahiz eta hiru hamarkaden aldea izan, dantzak batzen ditu biak. Obra horren bidez, “adinaren aurreiritzietatik ihes egin eta helduaroa goraipatu nahi du Matxalen Bilbao koreografoak, etapa horretan gorputza eta burua harmonian garatzen baitira”.