Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mattin Etxebestek irabazi du 35. Aurresku Txapelketa

Dokumentuaren akzioak

Mattin Etxebestek irabazi du 35. Aurresku Txapelketa

Egilea
Aritz Mutiozabal
Komunikabidea
Zarauzko Hitza
Tokia
Zarautz
Mota
Albistea
Data
2023/09/01
Lotura
Zarauzko Hitza

Guztira, zortzi dantzarik hartu dute parte lehiaketan, eta dantzari oiartzuarra nagusitu da. Bigarren eta hirugarren postuak Legazpira joan dira: Markel Garmendiarentzat eta Irati Olaizolarentzat, hurrenez hurren.

Euskal Astearen barruan, 35. Aurresku Txapelketa jokatu dute gaur eguerdian Modeloko oholtza gainean, eta aurten, zortzi dantzari parte-hartzaileen lana baloratu ostean, epaimahaiak Mattin Etxebeste oiartzuarrari egokitu dio garailearen txapela. 

Hain justu ere, Etxebeste bera izan da txapelketari hasiera eman diona; hau da, oholtzara agertzeko zerrendan lehena. Ziur atera da eta erabakitasunez egin ditu mugimenduak, erritmoari ongi jarraituta. Ondoren jardun duten zenbait lehiakideen artean, nolabait ere, urduritasun gehiago nabaritu. Edonola ere, erakustaldi ederra eskaini dute parte hartzaile guztiek.

Txistulari laukote baten laguntzaz jokatu dute lehiaketa, bi fasetan: lehenengoan, pieza aukeran izan dute (Ehun dukat, Graziarena, Betronio handia), eta bigarrenean, guztiek zortzikoa egin dute. Egindakoak eginda, epaimahaikideek beraien tartea hartu dute sarituak erabakitzeko, baina ez du luze iraun, lehiakideen eta bertaratu direnen zorionerako.

Etxebestek jantzi du irabazlearen txapela gorria, oroigarria eta 130 euroko saria, Xabier Txurruka alkatearen eskutik; ekitaldi amaieran, ohorezko aurreskua egin du. Bigarren saria Markel Garmendia legazpiarrarentzat izan da eta oroigarria nahiz 110 euroko saria jaso du Jesus Arana EAJko zinegotziaren eskutik. Azkenik, Irati Olaizola legazpiarra jaso du 90 euroko saria, eta Itziar Murua EH Bilduko zinegotziak eman dio.

Dokumentuaren akzioak