Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Materiala denentzat dago zabalik, aske erabil daiteke

Dokumentuaren akzioak

Materiala denentzat dago zabalik, aske erabil daiteke

Euskal dantza tradizionalak ezagutarazteko webgune forma duen unitate didaktikoa jasota dago ‘www.hasidantzatzen.eus’ euskarri digitalean. Salamancak horren gidaritzan parte hartu du.
Egilea
Urko Etxebeste
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Tokia
Lezo
Mota
Elkarrizketa
Data
2021/03/23
Lotura
Oarsoaldeko Hitza

Aritz Salamanca.

 

www.hasidantzatzen.eus. Zer da, eta zergatik sortu duzue?
Tituluak oso ondo esaten duen bezala, webgune forma duen unitate didaktiko bat da, hasiera batean DBHko ikasleentzat, euskal dantza tradizionala ezagutarazteko, edo ezagutzen dutenentzat zenbait tresna eta baliabide berri eskaintzeko ikus-entzunezkoak oinarri izanda. Baliabide horiek izan daitezke bideoak, edo musika. Askotan, dantza taldeetan falta zaie musika dantzagarria; birtuosismoa badute dantza talde horietan, baina egiten dutena ez da dantzagarria. Grabazioak Oiartzungo Mecca estudioan egin ditugu, Munttar Lezoko txistu taldeak jarri duelarik musika [Joseba Etxegoien, Estanis Karrera, Araitz Larrea tea Iker Salaberria]. Euskal dantza tradizional oso dantzagarriak bildu ditugu, oso aplikagarriak izan daitezkeenak bai dantza talde batean, edo lagun talde batean. Eta azken horiek dantzarekin harremana izan dezakete, edo ez.

Online formatua hautatu duzue. Oso egunean dago hori, ezta?
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren Eima 2.0 laguntzaren bitartez bideratu da egitasmoa. Material pedagogikoa formatu digitalean sortzeko laguntzak dira horiek. 2019an hasi ginen egitasmoa lantzen, eta ondoren, Jaurlaritzak proiektua onartu egin zuenean, aurrerantz joan ginen dantzak eta bestekoak aukeratzen, nahiz webgunearen diseinuan pentsatzen. Ondoren etorri zen pandemia: lanketa egina genuenez, erabaki genuen aurrera egitea, beharbada formatu murritzago batekin, baina egitasmoa ez genuen aparte utzi. Gure hasierako asmoa izan zen zazpi herrialdeetako dantzak biltzea, baina hamahiru dantzara murriztu egin dugu dena, ohikoak eta ezagunak denak. Euskal Herriko herrialde guztietakoak ez dauden arren aukeraketa askotarikoa da, dantza ezagun eta dantzagarriekin.

Hainbat mailatako dantzak dira.
Horrela da. Batzuk nahiko errazak dira, hasiberrientzat. Ertainak ere badaude, dantza taldeetan erabil daitezkeenak. Eta zailagoak: teknika gehiago lantzen da horietan.

Euskal Herriko dimentsioa du egitasmoak, baina sortzaileei dagokienez, oso Oarsoaldekoa da proiektua, ezta?
Baietz esan daiteke. Oiartzungo Meccan grabazioak egin ditugu, eta Hezimubi enpresa arduratu da ikus-entzunezkoetaz. Ni neu izan naiz aholkulari eta koordinatzaile lanetan ibili dena, baina hasieratik izan dira beste hainbat pertsona buru-belarri lanean, Andres Espinoza eta Leire Mitxelena oiartzuarrak horien artean. Alaitz Bergaretxe ere izan zen hastapenean. Gainera, Tio Teronen Semeak-eko, Haatik konpainiako eta Kukai Dantzako dantzariak ere azaltzen dira, baita Lezoko Murixka Dantza Taldeko, Oiartzungo Olarriko nahiz Haurtzaroko, edo Errenteria-Oreretako Ereintzakoak ere. Lurdes Esnaola lezoarrari ere eskerrak eman behar dizkiot laguntza eman duelako grabazioen momentuan zenbait ikasle ekartzen.

Hala ere, asko dantza egiten agertzen dira ikus-entzunezkoetan, baina izan dira dantzarik egin ez, eta materiala edo bestelakoak uzten laguntza handia eman digutenak, zeharkako ekarpena egin dutenak alegia.

Zer ikasi den ebaluatzeko aukera ere ematen du euskarriak. Material pedagogikoa ere badago.
Materiala denentzat dago zabalik, eta aske erabil daiteke. Baina berez DBHko irakasleentzat sortuta dago. Beraz, ez daude bakarrik ikus-entzunezko baliabideak. Ebaluazio bat, eta unitate didaktikoak dituen atal guztiak zatikatuak daude irakasleek baliatzeko, nahi izanez gero ikasleekin erabiltzeko eta nahi denean ebaluatzeko. Ondaretik, transmisiotik ere lanketa egin daiteke, ez bakarrik dantzaren alorretik.

Arlo pertsonaletik, zertan dabil oraintxe Aritz Salamanca?
Batetik, baditut gauza batzuk buruan eta horiek garatzen joaten naizen heinean jakinaraziko dut zertan nabilen. Bestalde, Tio Teronen Semeak-ekin maiatzean hasiko gara gure sasoiarekin. Kalean dantzatzen dugu, eta horri eutsiko diogu maiatzean hasi eta udazkena sartu arte. Kalea da gure esparru naturala. Festamentua eta Freshcool ikuskizunekin izango gara herrietan; urte arraroa da gauza berriak eskaintzeko, eta gure betiko ikuskizunekin jarraitzea erabaki dugu.

Dokumentuaren akzioak