Dokumentuaren akzioak
Maskaradak, Larrainera bueltan
Zuberoako hamahiru herritan izango dira aurten jelkaldiak, datorren igandetik apirilaren 18ra bitartean
Azken urteotako ezaugarri nagusi bati jarraituz, oso-oso gazteak dira
Larraineko aurtengo maskaradetako arizaleak. Goiti edo beheiti, 20
urteren ingurukoak dira maskarada egile hauek, «zaharrenak» 30 urte
doi-doi pasatuta izango dituelarik. Ohikoa bihurtu den beste kontu bat
da, berriz, gehienak neskak direla, dantzarien artean bereziki.
Honako hauek beteko dituzte maskaradetako kargu nagusiak,
Beltzeriako pertsonaietatik hasita: Allande Etxeto izango da Kauteren
nagusi larderiatsu eta ahobero Kabana handia; Pitxu broma egilearena
egingo du, berriz, Mathieu Bengotxeak, eta Buhame jaun gisa arituko da
Herve Ameztoi. Beltzeriakoak ez direnak Gorriak deitu ohi dira, eta
horien artean: beltzez jantzita dagoen Jauna Nicolas Bengotxea izango
da, eta haren Anderea Mirentxu Camy. Jaunaren konpainian dabilen
Laboraria Pette Etxebest izango da, eta haren alboko Laborarisa,
berriz, Cristelle Elgoien. Jaunaren zapata zorrozteaz gain,
maskaradetako jokaldien artean koblak edo bertsoak ematen dituzten
Xorrotxak, berriz, Nadine Elgoien eta Ximun Akozeberri izango dira.
Xorrotxen kargua, beraz, neska-mutil bikote batek beteko du.
Ez da lehen aldia izango, ordea, 2008. urtean Aloze-Ziboze-Onizegaine
eta Atharratze-Sorholüze herriek elkartuta egin zituzten maskaradetan
ere neska-mutilak baitziren Xorrotxak, hain zuzen Aña Bidalun eta Xabi
Intzagarai. Xorrotxen koblakaldien hitzak Jean-Dominique Iriartek
idatzitakoak dira, eta ahairea, berriz, Laurentx Oihenartek paratutakoa
da. Euskal Herrian asko ezagutua den Maddi Oihenart kantariaren semea
da Laurentx Oihenart. Kantu kontu, jakitekoa da, halaber, maskaraden
ikusgarria bukatzean eman ohi dena Robert Larrandaburuk moldatua duela,
hitzez bai ahairez, Larraineko maskarada hauei dagokienez. Larraintar
hori Niko Etxarten koinata da.
Jokaldi bereziak dituzten arizaleen izendapena amaitzearren,
zehaztekoa da Zamaltzaina zikiratzeko ahaleginetan ari diren eta
biarnesera hitz egiten duten Kerestuak Beñat Borthelle eta Juje
Akozeberri izango direla. Maskaradetako jokorik eta dantzarik ez
baitaiteke horiek gabe izan, merezi du zehaztea txulula jotzaileen
artean egongo dela Gregoire Lauga eta atabalari gisa arituko dela
Mathieux Basterreix.
Lehen agerraldia, etenik gabe
Igande honetan egingo den estreinako agerraldia berezia izango
da. Izan ere, goizeko bederatziak eta erdiean barrikada hausteekin hasi
ondoren, maskaraden ikusgarria dantza emanaldi horiek amaitu eta
jarraian izango da. Dena amaitu ondoren, bazkaltzerat joango dira
maskaradetako arizaleak, baita hala nahi izango duten ikusleak ere.
Beste jelkaldietan, aldiz, ohikoagoa den moduan emango dira maskaradak,
hots, barrikada hausteak goiz partean, eta bazkaritik landa ikusgarria
bera, 15:30 inguruan hasita.
Maskaradetan dantza agerraldiak eta ikuskizun barregarri bat
soilik erreparatzen dutenei, gogoraraz dezagun inauteri bat dela.
Hortaz, gizarte «txukun» eta ordenatuaren -Jauna eta konpainia, baita
dantzariak ere talde horretan jartzen dira- eta gizarte baztertua,
mespretxatua eta desordenatuaren arteko aurrez-aurre bat irudikatzen
dute maskaradek. Antzinako garaietan, maskaradak zotal egunetan eman ohi ziren, hots, eguzki egutegiaren eta ilargi egutegiaren artean nabaritzen den hogei bat eguneko garaian. Zotal egun hauetan, gizarte ordenatu eta txukanari nausa egitea zilegi omen zen, eta horren ondare dira inauteriak.
Beste inauteriek bezala, maskaradek badute beste esanahi bat
ere: hau da, negu beltzeko geldialditik ateratzea. Pitxuren hiltze eta
berpizteak islatzen du hori.
Dokumentuaren akzioak