Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maskarada, Zuberoatik Aiztondora

Dokumentuaren akzioak

Maskarada, Zuberoatik Aiztondora

Zuberotarrei gonbidapena luzatu ondoren, datorren asteburuan Aduna, Alkiza, Asteasu, Larraul eta Zizurkilen barru-barrutik bizituko dute Maskarada, euskal folklorearen inauteri-errito nagusietako bat.
Egilea
Marta San Sebastián
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Mota
Albistea
Data
2017/04/28
Lotura
Noticias de Gipuzkoa

Zuberoako Maskarada barru-barrutik bizitzeko aukera izango dute datorren asteburuan Aduna, Alkiza, Asteasu, Larraul eta Zizurkilen. Herriz herri, Aiztondo bailara osoan, euskal folklorearen inauteri-errito nagusienarekin gozatzeko aukera izango dute herritarrek.

Maiatzaren 6an, larunbata, Asteasuko plazan zuberoatarrei ongi etorria egin ondoren, hurrengo egunean, maiatzaren 7an, Aiztondoko herri guztietan jokatuko dira Maskaradak. Zuberoako dantza ikusgarriak ikusteko parada izango da, xorrotxen koplak entzungo dira, buhame taldearen sermoia, kautereen sermoia edo pheredikia, kereztuen elkarrizketa, xorrotxen emankizuna, Pitxuaren etorri edo jarioa eta testamentua, eta jokalari denen artean emandako kantua. Hori guztia eta gehiago dira Maskaradak.

Askok galdetuko dio bere buruarei, ordea: eta zergatik Maskaradak Aiztondon? Inguruan ospatzen diren Inauteria ereduaz arduratuta sortu zen iaz lan-talde bat bailaran, gazteei “zerbait politagoa” eskain-tzeko aukerak bazirela sinetsita. “Eduki handirik gabe Inauteriak ditugu askotan gure inguruan; hamar euroko plastikoa erosi eta festara goaz. Geure Inauteria baino gehiago ezagutzen dugu Halloween jaia, nahiz eta ez duen gure kulturarekin zerikusirik. Gazteen parte hartzea ere sustatu nahi genuen eta hausnarketa honen ondorioz sortu zen Maskaradak Aiztondora ekar-tzeko egitasmoa”, azaldu du Aitor Atxega talde sustatzaileko ordezkariak.

Horrela, Zuberoara jo zuten eta Pattarre bailarako Maskarada taldeko kideekin bildu ziren. “Maia-tzean Aiztondora etortzeko gonbidapena egin genien eta haiek onartu egin zuten. Hala ere, ikuskizun huts bezala ez genuen planteatu nahi eta urte osoan zehar lanketa sakona egin dugu herriz herri”, gaineratu du Atxegak.

Herri bakoitzean lan-taldea osatu zuten eta guztira hamabost lagun inguru aritu dira udazkenaz geroztik Maskaraden inguruko ezagupena zabaltzen. Hasteko, ia herri guztietan udazkenean ospatzen diren kultur asteetan hitzaldiak eta argazki erakusketak antolatu zituzten. Era berean, Zuberoako dantzari batek dantza ikastaroak eskaini zituen. Dokumentazio lanak ere egin dituzte. Tesiak, doktoretzak eta Maskaradari buruz publikatutako guztia jaso eta ikastetxeei eskaini zieten Inauterietan Maskaraden gaia jorratu zezaten. “Geure kulturaren zati bat da, berezia, euskalduna eta belaunaldi gazteek haren berri izatea nahi genuen”, arrazoitu du Atxegak.

Herritarrei gonbidapena

Herriz herri

Oso erritu osatua eskaintzen du Maskaradak: musika, dantza, bertsoa, transmisioa, gaztetasuna eta kantua uztartzen dira. “Emanaldia ikustean ez dirudi XXI. mendean gaudela, baina ere berean, oso garaikidea ere bada”, dio Aitor Atxegak.

Maiatzaren 7an, Maskarada egunean, herri bakoitzean barrikadak egin aurretik herritarrek emanaldi txiki bat prestatu dute zuberotarrei ongi etorria egiteko. “Maskaradetan etxez etxe edo baserriz baserri ibiltzen dira, baina gure kasuan herriz herri ibiliko dira, Aiztondoko sei herriak bisitatuz”, azaldu du Atxegak. Barrikadaren ondoren, ohikoa izaten da Maskaradetan publikoa gonbidatzea parte hartzera eta horretarako eskaini dituzte dantza saioak “herritarrak hotzean ez harrapatzeko”. Denera, prestaketeta lanetan ehun lagun inguru bilduko dituzte.

“Herritarrak animatu nahi nituzke hurrengo asteburuan parte hartzera. Ikuskizun herrikoia da, herritik herriarentzat sortua, artifiziorik gabea, eredu parte hartzaile bati erantzuten diona, eta umorea falta ez duena”, animatu du Atxegak. Autobusak antolatu dituzte maiatzaren 7rako Villabonatik 11.35ean eta 13.05ean eta Asteasutik 11.40ean eta 13.10ean. Ondoren, itzulera egiteko autobusa 18.30ean aterako da.

Programa

MAIATZAK 6

18.00etan. Ongi etorria zuberotarrei Asteasuko plazan. Ondoren, zintzur bustitze animatua izango da.

20.00etan. Afari herrikoia Asteasuko Usarrabi Frontoian. Bakoitzak bere mudika tresna eramatera animatu dute jendea. Afarirako tiketak bailarako ostatuetan salgai, maiatzak 3 arte

MAIATZAK 7

10.00etan. Asteasun barrikadak

11.00etan. Alkizan barrikadak.

12.00etan. Adunan barrikadak.

13.00etan. Zizurkil goian barrikadak.

14.00etan. Bazkari herrikoia Larraulgo frontoian. Txartelak bailarako osatatuetan izango dira salgai, maiatzak 3 arte.

16.30ean. Maskarada Jokoak Larraulgo plazan.

Erakusketa. Zuberoako Maskaradei buruzko erakusketa (1992-2007) ikusgai izango da maiatzaren 7a bitarte Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian.

Maskarada hainbat pertsonaia.

Maskarada hainbat pertsonaia.

Dokumentuaren akzioak