Dokumentuaren akzioak
Martxan da Euskadiko XXV. Gipuzkoar Aurresku Txapelketa
Aurtengo txapelketa, hogeita bosgarrena denez, desberdin samarra izango da. Egun horretan omenaldi txiki bat egingo zaie orain arteko txapeldun guztiei, eta urteotan zehar artistek garaikurretarako egin dituzten eskulturak ere egongo dira ikusgai. Hasierako eskultura -uso txuriaren tankerakoa- Nestor Basterretxeak egin zuen; gero Ricardo Ugarte, Mikel Cristti eta Antxon Mendizabalek eskultura bana egin zuten, eta gaur egungoa Jesus Jauregirena da. Ohitura den bezala, Pasai Antxoko Gure Zumardian ariko dira dantzariak, igande goizean.
Iaz hamahiru dantzarik hartu zuten parte eta Jon Maya nagusitu zen. Aurten antzeko kopurua espero dute antolatzaileek. Txapelketa hasi zenean, 1981ean, 43 izan ziren parte-hartzaileak, eta irabazleak, Basterretxearen eskulturaz gain, 12.000 pezeta jaso zituen.
Dantzariek lau aldiz dantzatu beharko dute. Hauek dira lanak: Aurkez aurke, Alpargata, Agurra eta Zortzikoa.
Hauek izan dira azken urteetako irabazleak: Jon Maya (2004, 2002, 1999, 1998 eta 1997), Aiert Beobide (2003 eta 2001), Edu Muruamendiaraz (1996, 1995 eta 1994) eta Ramon Sanchez (1993, 1992 eta 1990).
Epaile, lagun hauek ariko dira hilaren 29an: Izaskun Emazabel (Irun), Jesus Mari Garate (Ordizia), Jose Luis Vallejo (Ordizia), Nagore Indakoetxea (Errenteria) eta Santi Bañales (Donostia).
Dokumentuaren akzioak