Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Martin Zalakainen abenturak ikusiko dira zapatuan Oñatin

Dokumentuaren akzioak

Martin Zalakainen abenturak ikusiko dira zapatuan Oñatin

Egilea
Oihana Elorza Gorostiza
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Oñati
Mota
Albistea
Data
2022/09/13
Lotura
Goiena

Pio Barojak idatzitako 'Zalakain abenturazalea' eleberriko mutikoaren abenturak dantzaren eta musikaren bitartez kontatzen ditu Juan Antonio Urbeltz-ek 'Martin zalakain' izeneko lan honetan. 120 lagunek hartuko dute parte, dantzariak asko.

Dantza, musika, antzerkia eta literatura uztartzen dituen ikuskizuna taularatuko dute zapatuan Zubikoako pilotalekuan: Martin Zalakain. Argia dantzari taldearen eta Artedrama arte eszenikoen plataformaren zuzendaritzapean sortu zen ikuskizuna, eta Pio Barojak 1908. urtean idatzitako Zalacaín el aventurero eleberriaren protagonista den Martin Zalakain mitikoaren abenturak kontatzen ditu.

Pio Barojaren eleberriari Juan Antonio Urbeltzek egindako interpretazioa da obra hau. Dantzako piezen bidez ikusten dira orduko ezkontzak, gerrak eta maitasun istorioak.. "Eleberri bat dantzatzea da. Zati ezberdinak ditu eta bata bestearekin lotzen hasi ginen. Lan honetan, musikak du indar handia. Musika gabe ezin da dantzarik egin eta bere presentzia handia da; mota askotako instrumentuak entzuten dira". Dantzak egiterakoan musika piezak sortzeko aske sentitu direla gaineratu du Urbeltzek, eta Zalakain Lizarrako espetxean sartu zuteneko pasartea jarri adibide moduan: "Emazteak sortutako bolero bat entzungo da hor".

Azken hiru emanaldiak

2017an estreinatu zuten, hainbat hilabetez prestatzen ibili ondoren. Pandemiak oraindik egiteke zituzten zortzi emanaldi bertan behera utzi zituen eta 2021eko abenduan ekin zioten falta zituztenak egiteari, Beasainen. Azken hiru ikuskizunak dituzte soilik egiteko: Oñatikoa zapatuan, Deban urriaren 1ean eta Donostian, azkena, urriaren 23an.

Edurne Soraluze, Iñaki Arregi, Juan Antonio Urbeltz eta Iñaki Olalde goizeko prentsa agerraldian.

Guztira, 120 bat lagun izango dira Zubikoan; horietatik hemezortzi musikariak eta gehienak dantzariak, Euskal Herriko hainbat tokitakoak, ekialdetik mendebaleraino: Iruñekoak, Donostiakoak, Elgoibarkoak eta Portugaletekoak, tartean. "Western karlista bat izateko moduko obra da. Ikusiko dira liskarrak, festa, ezkontza... Herri proiektu bat da eta horretaz ere konturatuko da ikuslea. Pozik bizi dute obra parte hartzen dutenek eta lortzen dute poz hori jendearengana heltzea. Dantzarako gogoz atera da jende asko aurreko ikuskizunetatik", dio Iñaki Arregi dantza maisuak.

Dantzarekin batera musika da espresiobide nagusia lan honetan, baina karga dramatikoa ere badu ikuskizunak. Horretarako, antzerki tratamendu han diagoa eman gura izan diote lanari. Ander Lipus hartu zuten eszena zuzendari izateko eta Harkaitz Canori eskatu zion hark gidoia egiteko. Hasierako ikuskizunetan Lipusek berak antzeztu zuen Barojaren papera, kontakizuna eginez. Orain Josu Camara da gidaria.

Sarrerak salgai daude

Irailaren 17an, zapatuan, izango da Urbeltzen Martin Zalakain ikuskizuna Zubikoa kiroldegian, 19:30ean. Haur dantzarien egunaren bezperan. "Propio aukeratu genuen eguna. Udalak balorea eman gura dio horrenbeste dantza taldek osatzen duten proiektu honi, guretako ez da produktu hutsa, eta ikusteko modukoa da", esan du gaurko aurkezpenean kultura zinegotziak, Iñaki Olaldek. Jende asko batzen duen proiektu esanguratsua da zapatuko ikuskizuna eta horrek lanketa berezia eskatu duela gaineratu du kultura teknikari Edurne Soraluzek, "bai espazio aldetik bai pertsonal aldetik".

Sarrerak ohiko tokietan daude salgai: udal webgunean, leihatila digitalean eta Txokolateixan eros daitezke, 10,5 eurotan.

Dokumentuaren akzioak