Dokumentuaren akzioak
Martin Harriaguek Thierry Malandainen lekukoa hartuko du Biarritzeko Balletaren zuzendaritzan
Martin Harriaguek gidatuko du Biarritzeko Balleta 2027ko urtarriletik aitzina. Frantziako Kultura Ministerioak berretsitako izendapenak luzaz prestaturiko segida-prozesu bat islatzen du, Thierry Malandain zuzendari eta mentorearen begiradapean prestatua. Dantza neoklasikoaren ikur nagusietako bat izanik, Malandainek 2026ko abenduan utziko du zuzendaritza. Horretarako, heldu den urteko urtarrilean helduko da Harriague konpainiara, urte beteko trantsizio aldiari ekiteko.
Malandainen ondorengoa Baionan sortua da. Martin Harriaguek ezohiko ibilbidea izan du: 19 urterekin piztu zitzaion dantzarako grina, eta handik gutira Biarritzeko Ballet Gaztean sartu zen. Bere ibilbidea fite zabaldu zen nazioarteko esparrura, Israelen, Kibbutz Contemporary Dance Company-n egindako egonaldi erabakigarri batekin. Bere estiloak dantza garaikidea zein neoklasikoa uztartzen ditu, betiere gizakiari eta ingurumenari loturiko sentsibilitate bereziarekin.
2016an lortu zuen lehen aitortza handia Harriaguek, Biarritzen bertan, gazte koreografoendako lehiaketa bat irabazi baitzuen. Balleteko dantzariekin sortutako Sirènes piezak erakutsi zuen konpromisoz eta sentiberatasunez jositako idazkera koreografikoa. 2018tik 2021era, Thierry Malandainen ondoan aritu zen artista elkartu gisa, eta garai horretan bere ikuspegi artistikoa eta eszenarekiko, argiarekiko eta musikarekiko ezagutzak sakondu zituen. Konpainiaren egunerokoan barneratze horrek prestatu du lidergoa hartzeko.
Bilaka konpainiarentzat sortutako Gernika pieza
Gaur egun, Avignoneko Opera Handiko Balletaren zuzendaria da Harriague, eta han agertarazi du bere ikuspegi garaikidea. Ez du zalantzarik izan gai politikoak taularatzeko, horren adibide izanik azken Avignoneko Jaialdian aurkeztu zuen America obra, Donald Trumpen igoera AEBetako presidente kargura irudikatzen duena. Aldi berean, Alemaniako hainbat eszenatokirekin lankidetzan aritu da eta euskal errepertorioaren berrikuntzan ere parte hartu du, Bilaka konpainiarentzat sortutako Gernika piezaren bidez.
Thierry Malandainen ondorengotza erronka handia da. 1998an izendatua, urteak eman ditu Biarritzeko Balletaren sona eta izaera artistikoa eraikitzen, estilo neoklasiko zorrotza ezarriz eta publikoarekin, tokiko zein nazioartekoarekin, lotura estua landuz. Bere lana goraipatu izan dute kritiko zein sektoreko adituek, eta Arte Ederren Akademian sartu izanak ematen dio aitortzarik handiena. Aldi berean, Maitaldia festibalaren zuzendaritza artistikoa ere bere gain du.
Trantsizio hau gaurdanik iragarririk, belaunaldi bien arteko eskualdaketa egituratua ahalbidetzeko baldintzetan dira orain. Epaimahaiak aho batez hautatu izanak erakusten du Martin Harriagueren egokitasuna Biarritzeko Balletaren etorkizuna gidatzeko, konpainiaren sortzailearen ondare artistikoa errespetatu eta eguneratzen jarraitzeko.
Dokumentuaren akzioak