Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Marseillako baletak zabalduko du gaur arratsean Maitaldia dantza jaialdia

Dokumentuaren akzioak

Marseillako baletak zabalduko du gaur arratsean Maitaldia dantza jaialdia

Konpainiak 'Romeo eta Julieta' ikusgarria emanen du, Gare du Midi gelan

Egilea
Eneko Bidegain
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
1999/09/03

BEDERATZIGARREN aldia du aurten Miarritzeko Maitaldia jaialdiak. Gaur hasiko dira ikusgarriak, eta irailaren 19a arte iraungo du. 12etan, Sainte Eugenie plazan, Saltindanses taldeak Le Cabaret mouvementé karrikako ikusgarria eskainiko du, egitarau zabalaren estrenatzeko. Arratsaldeko 17:00etan, aldiz, Itsas erakustokiaren aurrean izango dira. Ikusgarri erritmoduna eta ongi landua izanen da, ontsalaz.

Bihar ere Miarritzen izango da bikote hori, Casinoren aurrean 11:00etan eta Hondartza handiko baratzean 17:00etan. Talde horrek jaialdietan, merkatuetan, azoketan, karrika txikietan eta herriko plazetan jokatzeko ohitura du. Dantza laburrak egiten dituzte, bakoitzak unibertso berezi bat adierazten duela.

Gaur arratsean, Gare du Midi gelan, handizki abiatuko da jaialdia, Marseillako baletak Romeo eta Julieta ikusgarria eskainiko baitu. William Shakespearek idatzi zuen obra ospetsu hori bihar arratsean ere, larunbata, emanen dute, iluntzeko 21:00etatik goiti.

Marieke Simonsek beteko duJulietteren rola

Marie-Claude Pietragalla zuzendariak ez du Julietaren papera jokatuko, atzo zango sagarrean min hartu baitzuen. Marieke Simonsek ordezkatuko du. Pietragallak sorkuntza, formakuntza eta zabaltzeari eman dio hastapenetik lehentasuna, koregrafia Rudi van Dantzig-ek segurtatuko du, dantzak Prokofieven musikan oinarrituak direla. Baletak 2 ordu eta 40 minutuko iraupena du, eta, lan horren bitartez, Marseillako baletak nazioarteko ospearen zabaltzen jarraitzen du.

Hitzordu horretaz aparte, beste ikusgarri andana bat ere izanen da. Igande arratsaldean, Thierry Niangen lana izanen da. Frantses-bietnamiarrak Elizabeth Bouckaert izango du laguntzaile. Larunbat arratsean, Tero Saarin finlandiarraren Toothpick konpainiaren emanaldia izanen da. Dantza mota berriak esperimentatzen ditu.

Asteartean, Espainiar Balet Berria konpainiak flamenco giroa ekarriko du. Biharamunean, aldiz, arras bestelako ikusgarria izanen da. Lunion, Barcelona Addictos eta Greemlin¹s taldeek hip hop-aren mugimendua ekarriko dute.

Choréonyx konpainia, bestalde, irailaren 9an izanen da, jazz modernoarekin. Hiru dantzari eta sei musikari ditu. Haurrentzako ikusgarriak ere izanen dira, hala nola heldu den ostiralean eta larunbatean. Arratsaldetan txanogorritxuren ipuina dantzatuko baitute.

Gaurko hitzordua jaialdiko handienetarik baldin bada ere, bigarren hitzordu handi bat izanen da irailaren 11an eta 12an, Scottish Ballet taldeak Giselle obra eskainiko baitu. Ondoko egunetan ere izanen da ekitaldi anitz Miarritzen, Maitaldia dantza festibalaren baitan.

Dokumentuaren akzioak