Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldea, aurrera indartsu

Dokumentuaren akzioak

Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldea, aurrera indartsu

Zerutxu familiako kide edo lagun diren eta izan diren asko elkartuko dituzte aurten Karmen jaiek.

50 urte betetzen ditu herriko dantza taldeak, eta eurak izango dira jaien hasierako pregoilari bai eta agur ikuskizuna eskainiko dutenak ere.
Egilea
Eider Mugartegi
Komunikabidea
Lea Artibai eta Mutrikuko Hitza
Mota
Albistea
Data
2016/07/08
Lotura
Lea Artibai eta Mutrikuko Hitza

Herriko euskalzaleen ekimenez sortu zen Zerutxu orain dela 50 urte, eta oinarri beragaz egin du aurrera mende erdi honetan, euskal kultura eta euskara sustatu eta plazara aterata.

Felipe Amutxastegiren eskutik eman zituen lehen pausoak dantza taldeak, eta Zerutxuren ondoan jarraitzen badu ere, Alex Larrinagaren esku utzi zuen aspaldi gidaritza. Larrinagak ere baditu gazteak bere ondoan, aurrera lanean jarraitzeko prest.

Parte hartzeko prestutasun hori, taldeko giro ona, herriko dantzak mantentzeko gogoa… Eurek ere ez dakite zehazki zein izan den horrenbeste urtez taldeak horren indartsu aurrera egiteko sekretua, baina dantza talde askok gainbehera bizi izan badute ere, batzuk desagertzeraino, Zerutxuk tinko eta indartsu jarraitu dio bere ibilbideari, eta aurrera begira ere, lanean jarraitzeko prest daude bai irakasle zein dantzariak, ilusioz.

Alex Larrinaga: “Umerik ez balego dantza taldeak ezingo luke aurrera egin, etorkizuna dira”

Familia handia da Zerutxukoa. Guztira ia 100 dantzari dira, umeak batez ere. 60 ume eta gazte ditu taldeak, eta oinarria ume horiek direla diote. «Umerik ez balego dantza taldeak ezingo luke aurrera egin, etorkizuna dira».
Herriko auzo edo inguruko herri txikietan eta Dantzari Egun batzuetan astintzen dituzte oinak, bai eta Bilboko Aste Nagusian ere, eta Aratusteak, Xemeingo dantza eta Karmenetako aurreskua sakratuak direla azpimarratzen dute.

Euskal folklorea. Zanpanzarretatik hasita Euskal Herriko era guztietako dantzak egin dituzte, eta errepertorio zabal horretako batzuk eskainiko ditu Zerutxuk Karmen jaien barruan egingo duten ikuskizunean. Maskaradak, Luzaideko dantzak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak dantzatuko dituzte, besteak beste, dantzariek. Txiki eta nagusi, denek hartuko dute parte jaialdian. «Lehenengo dantzaritik azkenera arte, bai eta lehengo dantzariek ere».

Uztailaren 18rako ekitaldi berezia prestatzen ari dira, eta udazkenean herri bazkari bat ere egin nahi dute

Musikari dagokionez, Imanol Aretxabaletagaz gain, Bilboko lagun batzuen lankidetza izango dute. Txistuaz gain, beraz, beste instrumentu batzuen doinuez lagunduta egongo dira dantzak.

Apirilean hasi zituzten 50. urteurrena ospatzeko ekitaldiak, eta aratusteak ere berezi ospatu ditu aurten Zerutxuk, Lantzeko inauteriak eta joaldunak kalera aterata. Uztailaren 18rako ekitaldi berezia prestatzen ari dira, eta udazkenean herri bazkari bat ere egin nahi dute. Horrez gain, dantza taldearen bizipenak ezagutzera eman eta gogora ekarriko dituzte hil honetan, Karmengo komentuan ikusgai dagoen erakusketaren bidez.

Astegunean 18:00etatik 20:00etara eta zapatu-domeketan 12:00etatik 14:00etara bitartean ere mirestu daitezke taldearen jantzi eta argazkiak.

Zerutxu dantza taldea Xemeingo Ezpata Dantza dantzatzen, gaur goizean, Arretxinagako plazan.

Zerutxu dantza taldea Xemeingo Ezpata Dantza dantzatzen, gaur goizean, Arretxinagako plazan. Arretxinagako plazan

Dokumentuaren akzioak