Dokumentuaren akzioak
Markina-Xemeingo Udalak Kultura Sariak banatuko ditu
Zerutxu Dantza Taldea izango da sarituetako bat.
Iaz Kirol Sariak banatu zituzten bezala, aurten Kultura Sariak banatuko ditu Markina-Xemeingo Udalak. Herriko kulturgileen lanaren balioa azpimarratu eta ikusgarritasuna emateko asmoz, Kultura eta Kiroleko batzorde bateratuan hainbat saridun aukeratu diztuzte.
Iaz bost sari eman zituzten arren, aurten lau izango direla adierazi dute, izan ere, bakarkako sarian ez dute emakume eta gizonen arteko bereizketa egingo. Horietatik hiru saritu Kultura eta Kirol Batzordean aukeratu dituzte, bozketa bidez: Garbiñe Arrate Urigoitiak jasoko du bakarkako saria, Zerutxu Dantza Taldeak, kulturaren alde lanean aritu den talde eragilearena, eta Ahaztuen Oroimena elkarteak talde modura kulturan ibilbidea izan duenaren eta herrian eragilea izan denaren saria.
Laugarren saritua ostera, Markina-Xemeingo Udalak aukeratu du: “Udaletik pentsatu dugu artean badagoela alderdi bat ez dela horren aintzat hartzen eta horren errekonozituta egoten, eta hori antzerkia da. Guk herrian badaukagu antzerkian zuzendari, ekoizle, aktore eta denetarik egiten duen pertsona bat, eta berari emango diogu”. Hori horrela, Ander Lipusek jasoko du udalaren saria.
Mari Eli Ituarte udaleko kultura zinegotziak azpimarratu duenez, errekonozimendua egin nahi diete herriko kulturgileei “horretan sinesten” dutelako: “Kulturan eragile den jendea beti geratzen da apur bat ezkutuan. Gainera, kultura oso arlo zabala da; askok agian euskararekin bakarrik identifikatzen dute, baina, ez da hori bakarrik. Horren erakusgarri da aurten zeintzuk sarituko diren: dantza talde bat, memoria historikoa berrekuratzen lan egiten duten talde bat, antzezle bat eta euskara bultzatzen eta ikastolen sorreran oso garrantzitsua izan den pertsoa bat”. Gaineratu duenez, emaitzarekin “oso pozik” daude: “Oso esparru desberdinetako jendea edo taldeak aukeratu dira. Sinetsita gaude jendeak egindako lana aintzat hartu behar dela eta hori errekonozitu egin behar dela herriaren aurrean”.
Hori horrela, abenduaren 27an, 19:00etan, Esperantza aretoan egingo dute sari banaketa. Bertaratu nahi duten herritarrek gonbidapena jada eskatu dezakete, doan, udaletxeko kutxazainean; edukiera mugatua dagoenez, nortasun agiri bakoitzarekin lau gonbidapen hartu daitezke gehienez.
Dokumentuaren akzioak