Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Markina-Xemeingo dantza tailer inklusiboa, arrakastatsua

Dokumentuaren akzioak

Markina-Xemeingo dantza tailer inklusiboa, arrakastatsua

Ekintzarako aldez aurretik ezarrita zegoen aforoa bete egin da. Hamabost lagunek parte hartu dute ikastaroan; esperientzia "aberasgarria eta berriro errepikatzeko modukoa" izan dela esan dute.
Egilea
Nerea Bidialauneta Alkorta
Komunikabidea
Lea-Artibaiko Hitza
Tokia
Markina-Xemein
Mota
Albistea
Data
2021/12/11
Lotura
Lea-Artibaiko Hitza

Markina-Xemeingo MARKArte jaialdiaren baitan dantza tailer inklusiboa egin dute gaur [abendua 11] Uhagon kulturgunean. Antolatzaileek esan dutenez, inklusibitatea lantzeagaz gainera, dantza garaikidea eta, oro har, artea herritartzea eta konpartitzea izan da gaurko ekintzaren helburu nagusia. Hamabost lagunek parte hartu dute ikastaroan. Horien artean Izarbidean elkarteko bazkideak egon dira eta parte hartu duten guztiek “bikain” igaro dutela azpimarratu dute. “Oso ondo pasatu dugu. Oso esperientzia aberatsa izan da, berriro errepikatzeko modukoa”.

Dagaz ekimeneko hainbat tailer ematen dituen Dantzaz konpainiako Maddi Gaztelumendik gidatu du tailerra. “Udalak dantza garaikidea herritarrei hurbiltzeko asmoz sortutako Dagaz ekimenagaz hitzarmen bat sinatu du. Horri esker eskola magistral batzuk emango dituzte, eta honako tailer inklusiboa MARKArteko jaialdiaren barruan egitera bideratu dugu, Izarbidean elkarteagaz elkarlanean”, adierazi du Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkateak. Ekintzarako aldez aurretik ezarrita zegoen aforoa bete egin delako ere pozik agertu da herriko agintaria.

Askorentzat dantza garaikideagaz eduki duten lehen kontaktua izan da gaurkoa. Ikastaroa “oso dinamikoa” izan da; ordu eta erdi erdian askotariko ariketak egin dituzte banaka zein taldeka. Aurkezpenak egin ostean, beroketak egiten hasi dute saioa. “Oinarrizko ariketekin hasi gara, eta gero ekarritako materialarekin bestelako ariketa batzuk egin dituzte”. Besteak beste, globoekin mugimenduarekiko sentsazio ezberdinak sentitzen eta espresatzen aritu dira.

 

Dokumentuaren akzioak