Dokumentuaren akzioak
Mariinsky taldeak bi ballet nagusi ekarriko ditu Bilbora abenduan
Mariinsky konpainiak datorren urtean “Igor Printzea” eta “Pique-Dame” operak egiteko hitza eman duela ere iragarri zuen atzo Ana Madariagak
Errusiar konpainiak ia 200 kide ditu, eta joan den urtean publiko eta kritikaren arrakasta izugarria lortu zuen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik “On Kixote” eta “Kortsarioa” interpretatu zituenean.
“Romeo eta Julieta” ikuskizunari dagokionez, lehen aldiz ikusi ahal izango da obra honen bertsio osoa Estatuan. “Zisneen Lakua”, aldiz, 1993an antzeztu zen azken aldiz euskal agertokietan.
Mariinsky-ren dantzari eta musikarien kalitate ezagunaz gain, beraien koreografia propioak eta dekoratuak nabarmendu daitezke. Izan ere, «dekoratu batzuk duela ehun urte baino gehiago estreinatu zirenetik darraite», Ana Madariaga Kultura saileko diputatuak adierazi zuenez. Aldi berean, Madariagak musika zuzenean izateak balio erantsia gehitzen diola balletari agertu zuen.
San Petersburgoko taldeak 250 urte ditu, eta erreferentzia dira dantza klasikoaren eremuan. Gaur egun, Valery Gergiev da Mariinsky Antzerki Taldearen zuzendaria, eta balletarena, aldiz, Makhar Vaziez da. Guztira 193 pertsona helduko dira San Petersburgotik Bilbora datorren abenduan, hala nola, dantzariak (92), musikariak (70), teknikariak (15), dantza irakasleak (7), piano joleak (4), zuzendariza taldea (3), itzultzailea (1) eta osagilea (1).
Bizkaiko Foru Aldundiak 8.000 sarrera jarriko ditu salgai, 2.000 saio bakoitzeko, eta prezioak ondokoak izango dira: 1.500 pezeta merkeena, eta ondoren 3.000, 3.500, 4.500, 6.000 eta garestiena izango den 7.000 pezetakora arte.
Kontuan hartu behar da ikuskizun mota hauek ikusteko sarreren ohiko salneurria 20.000 eta 30.000 pezeta artekoa izaten dela. Hala ere, foru erakundearen helburua bizkaitarrei kultur-emanaldi garrantzitsuak arrazoizko prezioetan hurbiltzea da. Sarrerak datorren asteartean, 20an, jarriko dira salgai, BBK-ren Teleka zerbitzuaren bidez edota 94 431 03 10 telefono zenbakira deituz.
Dokumentuaren akzioak