Dokumentuaren akzioak
María Pagés emakumearen ahotsa bilakatuko da Yo, Carmen dantza ikuskizunean
Sevillako bailaora eta koreografo ospetsua izango da zuzenean aritzen diren bederatzi bailaorek eta zazpi musikarik osatutako taldearen burua.
María Pagésen sorkuntza lan berria ez da pertsonaia ezagunaren berrikuspena, ez da hainbeste aldiz moldatu den Meriméeren Carmen lanaren bertsioa. Ez. Pagésen lana, gure aurrean indarrez, garbi eta gogor altxatzen den emakume ahotsa da, emakumearen arimak aurrean daukan eta eraikitzen duen errealitatea adierazteko. Emakume guztien ahotsa izan nahi du, gizonen begiradak eraikitako ihesbiderik, tolesturarik, beldurrik eta konnotaziorik gabe.
Benetako emakumearen esentzia isilarazteko mendeetan zehar sortu, eutsi eta barneratu diren estereotipoak deuseztatu nahi dituen ikuskizunaren abiapuntua Bizetek bere musika liluragarriarekin bildu zuen pertsonaia lizun hura da. Emakume bat emakumeei buruz hitz egiten, emakumeak osatzen, eusten dituzten milaka ertz guztiak kontuan hartuta. Beraz, lan errebindikatibo batez ari gara berbetan.
Pagésen gogoeta koreografikoak mitoari aurre egitea eta ikus-entzuleei gure unibertso kulturalean sartuta dugun aurre-fabrikatutako irudi hori kentzea bilatzen du, hortik aurrera, eszenatoki gainean, irudi zuzenagoa, egiazkoagoa, altxatzeko. Eta, aldi berean, desioa erantzukizun etiko gisa aztertzeaz gain, bizitza, plazera, autonomia, askatasuna eta zoriontasuna errebindikatzen ditu, gizaki guztien oinarrizko eskubide gisa.
Pagés lerro gutxi batzuetan
María Pagés artista ezaguna da nazioartean, arte flamenkoaren gainean duen kontzeptu estetiko pertsonala dela eta. Artea mugarik gabeko zerbait gisa ulertzen du, eta bere lekua lortu du mundu mailako dantza panoraman. Lengoaia flamenkoaren funtsezko kodeak erabiltzen ditu, eta lengoaia hori barrutik eta kanpotik ikertzen du.
Horrela, María Pagések, flamenkoa etengabeko bilakaera bizi duen arte garaikide eta bizi gisa ulertzeko orduan aitzindaria dela erakutsi du. Bere koreografietan kultur desberdintasunak gainditu ditu, arte trukaketek gizakiak elkarren artean hobeto ulertzen laguntzen dutela uste duelako. Bere hitzetan, kulturen, arrazen eta erlijioen arteko batasunak oihartzun komuna sortzearen adibide garbia da flamenkoa.
María Pagés emakumearen ahotsa bilakatuko da Yo, Carmen dantza ikuskizunean.
Dokumentuaren akzioak