Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maria Julia Ercorecaren omenez dantzatu zuten Puerto Madryngo gazteek Immigrantearen Egunean

Dokumentuaren akzioak

Maria Julia Ercorecaren omenez dantzatu zuten Puerto Madryngo gazteek Immigrantearen Egunean

Komunikabidea
Euskalkultura.com
Tokia
Argentina
Mota
Albistea
Data
2011/09/15
Lotura
Euskalkultura.com

Argentinako euskal etxe gazteena da ziur aski Puerto Madryngo 'Etorritakoengatik'. Izan ere, ez da beharrezkoa oso atzera joatea EuskalKultura.com-en, sorreraren eta lehenengo Zuzendaritza Batzordearen berri irakurtzeko, joan den amaiatzean. Ibilitako bide laburrean, ordea, oso pasadizo gogorra gainditu behar izan dute euskal etxeko kideek, 'Etorritakoengatik'en bultzatzaile eta sortzailea izan zen Maria Julia Ercorecaren heriotzarekin.

Ez da bere itzala erraz aldenduko bertatik. Bolada zaila bizitzen ari dira Puerto Madryngo euskaldunak baina tristurak ez ditu kikildu eta atzenduko. Maria Juliak euskal etxearekin eta dantza taldearekin zeukan ametsa errealitate bihurtu nahi dute, laguna eta dantza eta euskal kultura irakasle izan zutenaren omenez.

Hori dela eta, eta Argentinako esaera denez, “presente” esan dute Puerto Madryngo euskaldunek aurtengo bertako Immigranteen Jaian. Udaletxeak antolaturik eta 124. zenbakidun eskolan egindako festan, kolektibitate alemaniar, boliviar, txiletar, kolonbiar, galestar, espainiar, italiar, uruguaitar, galiziar eta euskaldunek hartu zuten parte. Euskaldunek Aurreskua interpretatu zuten zeremonian, Maria Julia Ercoreca gogoan eta haren omenez. “Oso hunkigarria izan zen momentua. Bakarrik, hau da, Maria Julia gabe dantzatu duten lehenengo aldia izan da”, adierazi dio EuskalKultura.com-i dantzari baten amak.

Puerto Madryngo dantza taldea 2011 01

['Etorrietakoengatik' euskal etxeko dantza taldea]

Erronka izan da eta dudarik gabe ez da bakarra izango. Puerto Madryngo euskaldunek badakite hori eta gogor eusten diote etorkizunari. “Neska-mutilek jarraitzen dute larunbatero entseguekin, eta laster Macahinetik etorriko dira beste dantzari batzuk klasea ematera”, azaldu digute madryndarrek. “Maria Juliaren asmoa zen Euskal Astera joatea eta guk zinez bete nahi diogu amets hori. Zor diogu”, azpimarratu dute 'Etorritakoengatik'etik.

Zalantzarik gabe, euren partaidetza eta jardunak txalo bero eta bereziki abegikorrak bilduko dituzte Necocheako Euskal Aste Nazionalean, datorren azaroan, Maria Julia ugari zeuzkan lagun guztien gogoan.

Maria Julia Ercorecaren omenez dantzatu zuten Puerto Madryngo gazteek Immigrantearen Egunean

'Etorritakoengatik' Euskal Etxeko gazteek ohorezko Aurreskua dantzatu zuten Immigrante Eguneko jaian Maria Julia Ercoreca gogoan

Dokumentuaren akzioak