Dokumentuaren akzioak
Maren Galvezek eta Gorka Granadok irabazi dute Santa Isabel jaietako dantza libreko txapelketa
Hamar dantza bikotek parte hartu dute txapelketan, eta horien artean ziren Euskal Herriko dantzari onenetako batzuk. Fandangoa eta arin-arina dantzatu behar izan dute, lehena txistulariek lagunduta eta bigarrena trikitilariekin. Bigarren postuan Katerin Artola eta Iker Belintxon geratu dira, Oiartzun eta Lezokoak, eta hirugarrenak Alaia eta Amets Amubieta azpeitiarrak izan dira.
Epai-mahaiak bere lana egiten jardun duen bitartean, Irrintzi dantza taldeko kideek emanaldi labur bat eskaini dute.
Zumardi, 50 urte etenik gabe
Zumarragako dantza libreko txapelketa 1972an antolatu zuen lehen aldiz Zumardi elkarteak, nahiz eta lehenagotik ere antzeko txapelketa bat ere egiten zuten festetan, Luistarren eskutik, baina erregulartasunik gabe. Garai hartan Zumardiko bazkideen artean dantzariak, txistulariak eta trikitilariak zeudenez, txapelketaren kargu hartzea erabaki zuten.
Orduz geroztik, hainbat aldaketa izan dira. Hala, gaur egun 16 urtetik gorako dantzarik parte hartzen dute, baina lehen gazteagoek ere parte hartzen zuten, eta beteranoentzako kategoria bat ere bazegoen. Bestela, dantzari partaideen maila handiagatik nabarmendu izan da bete txapelketa hau, beti parte hartu izan dutelako Euskal Herriko txapelketan aritutakoak.
Gaur egun, Zumardi elkarteko kide diren Mikel Elgarresta, Jose Antonio Lizarraga ‘Naparra’ eta Luis Mari Arrieta arduratzen dira txapelketaren antolaketaz, eta gaurko Zelai Arizti aretoko emanaldian oroigarri bana jaso dute.
Dokumentuaren akzioak