Dokumentuaren akzioak
Maratoia izango da nahi duten guztientzat, Artelekun, larunbatean
Dantza garaikideari bide berriak zabaltzeko asmoz, A Deshoras taldeak maratoi berezia antolatu du datorren larunbaterako, Artelekun, Bit.Art egitarauaren barruan. 12:00-etan hasi eta 24:00ak bitartera, dantza egiteko proposamen berriak ikusi nahi dituzte taldekide Arantxa Balenziagak, Silvia Clementek eta Maite Berasategik, eta horretarako ez da beharrezkoa «teknika handiaren jabe izatea, hori gainditu nahi» baita, Balenziagak azpimarratu nahi izan duenez. Izan ere, egin ohi diren itxura horretako lehiaketetan teknika izaten da nagusi, baina oraingoan «epaimahaikideak liluratzea lortzen duenak irabaziko du». Garaileak bi lagunentzako Kubarako bidaia irabaziko du, eta publikoari gehien gustatu zaionak, landa turismo etxe batean asteburua.
Dantza mugimendua baino zerbait gehiago delako, epaimahaia ere diziplina anitzetan aritzen direnek osatuko dute, Iñaki Imaz pintoreak, Laura 10m argazkilariak, Asier del Rios psikologoak, Manuela Gutierrez Kandela aretoko programatzaileak, Dani Blanco argazkilariak eta Kontxi Lopez dantzari eta koreografoak.
Erresistentzia eta estrategiak
Dantzarako zaletasuna duen edonork har dezake parte edota ikusle gisara joan. Dantzariek amaiera arte egon nahi badute, kontuan hartu beharko dituzte erresistentzia eta epaimahaikideak erakartzeko zein estrategia erabili. Denetariko dantzak egin beharko dituzte, lau DJ-k jarritako hip-hop, salsa, tekno eta beste hainbat doinu estiloren aginduetara. Lehen bi orduetan ez dute inor kanporatuko, baina ondorengoetan orduoro erabakiko dute epaimahaikeek nork utzi behar duen taula. Tarteka, janaria eta ura nahi adina izango dute lehiakideek.
Dokumentuaren akzioak