Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Malandainen ildotik

Dokumentuaren akzioak

Malandainen ildotik

Kritika, Ballet Biarritz Junior2

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2007/07/14

Gari Beltza izeneko muntaiaren lehen pieza -Gnossienne- Quebeceko Balet Gaztearentzat sortu zuen Thierry Malandainek, eta bertan dantzarako barrak betetzen du eszenatokiaren erdigunea. Izan ere, barraren inguruan, gainean eta azpian ibiliko dira dantzariak, ariketa akademiko batean egongo balira bezala, baina Eric Satieren musika malenkoniatsuak eta mugimenduaren kateaketek eta paralelismoek beste kutsu bat ematen diote koreografiari. Edozein modutan ere, piezaren balio nagusia konpainiaren exijentzia maila nabarmentzea izan da.

Bigarren zatiak -Blé noir- izena ematen dio egitarau osoari, eta kasu honetan narratibotasuna izan da lanaren hari nagusia. Agertokiak eta jantziek garai bateko nekazari giroa jasotzen dute, oso era estilizatuan, eta soinu banda Bretainiako musika tradizionala da. Mundu horretan garatuko da gizon eta emakumearen arteko gorteiatze dantza, sorpresa handi batekin amaituko dena. Kasu honetan ere beren gaitasun osoa erakutsi dute bi dantzariek, eta --narratibotasunaren izenean- antzerki estiloko efektu kolpeak tartekatu dira han-hemenka.

Dantzaren ikuspegitik, Danses qu'on croise izan da interesgarriena, narratibotasuna dantzarako aitzakia hutsa izan delako, besterik ez. Pantomima tankerako zati honetan, ugari tartekatzen dira txantxak Brahmsen Hungariar Dantzak musikaren inflexioen artean, eta dantzarien keinu garbiak eta sinpatia gazteak dantza zein polita izan daitekeen gogorarazi digute.

Eta dantzatik antzerkira igaro gara, Tricicleko Paco Mir-ek zuzendu duen Mandibula afilada ikusteko. Muntaiak Kataluniatik datozkigun ekoizpen gehienen estiloa dauka, hau da, komedia arinaren estiloa, gai sakonetan sartzen ez dena eta inolako deserosotasunik sortzen ez duena. Hori bai, argumentuak erloju baten moduan funtzionatu du eta aktoreek ederki bete dute beren rola, eszenatoki zeharo naturalista batean. Agian aurreko gauean Petra von Kanten inguruko antzezlana ulertu ez zuten haiek gehiago gozatuko zuten produktu konformista honekin.

Obrak eta konpainiak: Gari beltza (Ballet Biarritz junior 2); Mandibula afilada (Vania producciones).
Eguna: Uztailak 13.

Dokumentuaren akzioak